Berriz-Iurretako B derbia, morboz beteta

Anboto 2016ko ots. 6a, 09:35

Berrizburun, gaur, 18:00etatik aurrera jokatuko den partidua, Berriz eta Iurretako B taldeen arteko derbia morboz beteta dator. Izan ere, Oscar Fernandez da iurretarren entrenatzailea, iaz berriztarren entrenatzaile izandakoa. Maila galdu zuen Berrizek, eta zelai horretara bueltatuko da Fernandez.

Andoni Arrien etxekoen entrenatzaileak ez dio garrantzi handirik eman nahi izan Fernandezen itzulerari: “Egia esateko, ez daukagu hori kontuan. Berdin zaigu nor datorren”. Partidu orekatua aurreikusten du: “Iurretak talde ona dauka; sailkapenak ez du bere maila islatzen”. Berrizen hasierako helburua sailkapenaren goikaldean egotea zen. “Orain apur bat urrunduta gaude, baina oraindik hamahiru jardunaldi geratzen dira, eta goian amaitzea espero dut”.
Fernandez asteburuko derbia heltzeko irrikaz dago: “Partidu honetarako gogo handia daukat, puntuez gain, berezia baita niretzat”. Berrizburun, bere jokalari ohiak motibazio handiarekin irtengo dira zelaira. “Etxean gogo handiz jokatzen dute, gogoz irtengo den Berriz bat espero dut zapatuan”, dio Iurretako B-ko entrenatzaileak. Zulotik ateratzeko puntuen beharra azpimarratu du Fernandezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!