Berrizko pilota txapelketagaz, frontoiko giroa berpiztu guran

Anboto 2016ko urt. 30a, 10:00

Badira hamar urte lehenengo ekitaldia jokatu zela. Berrizko San Anton jaietan ohikoak bihurtu dira Berrizen pilotan ibilitakoen arteko txapelketa herrikoiak. Sarien garrantzia albo batera utziz, esku pilotaren festa ospatzea dute helburu nagusi.

Berrizek daukan pilota tradizioa dela eta, aukera ugari ematen ditu txapelketak. Hasieran, federatu gabeko pilotari berriztarren artean egiten zen, hau da, urteak pilotan aritu gabe egon direnen artean. Parte hartu ahal izateko baldintza bakarrak hauexek dira: berriztarra izatea, Berrizko pilota taldean ibilitakoa izatea, eta federatua ez egotea. Adinak ez dio ardura. Izan dira 65 urteko pilotariak ere. Lehenengo urtean, 2006an, kategoria bakarra zegoen, eta maila ezberdina nabaritzen zen pilotarien artean. Bigarren urtetik aurrera, bi maila ezarri ziren. Azkenengo hiru urteetan, pilota hain baztertuta ez zeukan jendea aurkeztu izan denez, lehen maila berri bat sortu da. Beraz, gaur egun, hiru maila daude. Normalean, 25 bikotek hartzen dute parte. Hirugarren mailan, 10 bikote daude. Nahiz eta urte osoan pilota ia ukitu ere ez duten egiten, ugariak dira beraien arteko apustu eta lehiak. Erdiko mailan 10 bikote daude, eta maila gorenean 5 bat bikote. Azkenengo maila honetan, profesional izandako Asier Berasaluce dago, besteak beste. Aurtengo finalean, koadrilako Mikel Isasi izan du aurkari, eta azken horren arabera, ez da “pikerik” falta izan: “Finala koadrilako lauk jokatu genuen, eta galtzen zuenak bereak eta bi entzun beharko zituen urte osoan”.

Pilota eskolak antolatzen duen arren, txapelketa oso herrikoia da. Taldeburuak zehazten dira antolakuntza ondo eramateko. Pilota taldeko entrenatzaile gisa aritzeaz gain, horretan ere arduratzen da Mikel Isasi. “Aste bakoitzeko partiduak martitzenerako daude lotuta, eta partidu egunak eguen eta barikuak izaten dira”, dio berriztarrak. Partiduen ordutegia lan txanden araberakoa da, eta, normalean, arratsaldeko azken orduan jokatzen dituzte. Ahal den heinean, kanpoko jendea erakartzeko, eguen eta barikuetan izaten dira lehiak. “Badira poteoa eteten duten pilotariak, beraien partida jokatzeko”, dio urte askotan txapelketan parte hartutako Edorta Viguerak.

Txapela dute sari bakarra, eta lortutako dirua partaide guztien artean egiten den afari baterako da. Parte-hartzaileak, afaldu eta gero, barruka aritzen dira. Ez dira falta, urtero, apustuak. Ea sakerik luzeena nork egiten duen, edo ea zeinek irauten duen gehien barruka.  “Azkenean, Berrizen bilatzen duguna pilotarien arteko lagun giroa da”, dio Viguerak.

Durangaldean, badira pilotan ibilitako asko parte hartzea gustatuko litzaiekeena.  Isasiren iritziz, beste herrietako pilotari asko animatuko lirateke ekimenera: “Polita litzateke topaketa bat egitea Durangaldean pilotan ibili garenon artean”.

Bestalde, parte hartzen duten pilotarien seme-alabak ere joaten dira frontoira. Txapelketak pilotarekiko interesa pizten die gazteei, eta horrek Berrizen afizioa sortzen duela dio Viguerak:“Izan ere, gero eta gutxiago dira pilota eskolan daudenak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!