Inauteriak 2016

1934ko karnabalak gogora ekarri, eta inauterietan zuriz janzteko proposamena egin du Beinke euskara taldeak

Anboto 2016ko urt. 27a, 12:45
1934ko inauterietan, berriztarrak zuriz jantzita, hegazkin eta guzti

Zuriz jantzita, 1934an Berrizko koadrila batek egindako mozorroa gogoratu gura dute Beinkeko kideek: hainbat lagunek hegazkin bat egin zuten, eta zuriz mozorrotu ziren. Hegazkina kamioi gainean ipini eta Durangaldean zehar ibili ziren kantuan eta parrandan. Aurten, ekintza hura gogora ekartzeko, hegazkin bat egingo dute otsailaren 6an, eta berriztarrei zuriz jazteko proposamena egin diete.

Hainbat berriztar hasi dira hegazkina egiten. Otsailaren 6an, 18:30ean Olakuetan elkartzeko hitzordua ipini dute, eta gero herri afarira joateko asmoa dago. Zuriz mozorrotzeko hainbat ideia eman ditu Beinke euskara taldeak: txori, laino, izar, superheroi, pilotu, hegazkineko laguntzaile, astronauta, mamu, sukaldari...

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!