Etsipen: "Plateruenean jo ahal izatea nahikoa sari zen guretzat"

Anboto 2016ko urt. 15a, 11:00

Lokaletik At musika lehiaketaren lehen edizioa irabazi du Berrizko laukoteak.

Zelako sentsazioak eduki zenituzten Lokaletik At lehiaketaren finalean?
Ibon Azpiri: Oso onak. Jotzen hasi aurretik, nahiko urduri ibili ginen, baina gozatu egin genuen. Soinuari dagokionez, kondizio oso aproposak eskaintzen ditu  Plateruenak.  
Iker Olabegoia: Nahi baino kontzertu gutxiago eskaini ahal izan ditugu lehenago, denak Berrizen, baina esperientzia hori oso baliagarria egin zitzaigun finalari begira. Hasierako emanaldietatik ikasitakotik egindako hobekuntzekin jo genituen kantak, lehiaketan.
Martin Sarasketa: Plateruenean jo ahal izatea nahikoa sari iruditzen zitzaigun, egia esan.

Giro polita egon zen finalean?
I.A.: Bai, jo genuen taldeetako kide gehienok elkar ezagutzen dugu, eta oso gustura ibili ginen.
June Ruiz: Publikoan ere giro polita zegoen, gainera. Guk geure familiartekoak eta lagunak espero genituen, baina jende gehiago ere etorri zen.

Oholtzan erakutsi zenuten etorria azpimarratu du epaimahaiak. Zer deritzozue?
Ibon Azpiri: Zur eta lur utzi gaituzu, egia esan. Gutxi jo dugu zuzenean, eta zoriak ere izango zuen eraginik! (barrez).

Ingurukoek zer diotsue?
J.R.: Gazteak izanda musika talde batean elkarregaz aritzea, eta gainera, euskaraz sortzea polita dela esan izan digute, adibidez.

Zuen adineko jende gutxi dabil musika taldeetan?
I.A.: Badagoz, baina gutxi... Eta pena da guretzat.
I.O.: Gehiago bagina, sare bat osatuko genuke, eta aukera gehiago izango genuke kontzertuetarako, esaterako.
M.S.: Baina gogoa, denbora eta materiala ezezik, entseguak egiteko lokal aproposa ere behar da talde bat sortzeko, eta Berrizen pribilegiatuak gara horretan.
I.O.: Berrizko udalaren musika lokaletan gauden 14 taldeok harreman oso polita daukagu.
I.A.: Musika estilo desberdinak jotzen ditugun belaunaldi desberdinetako jendea gara.

Noiztik diharduzue elkarregaz musika egiten?
I.O.: Ibon eta ni beste taldekide bigaz ibili ginen hasieran, orain lau urte inguru. Neuk eginda neuzkan kantak jotzen hasi ginen. Bi lagun haiek taldea utzi zuten, eta June gitarragaz eta Martin bateriagaz batu zitzaizkigun, orain urtebete inguru.

Zenbat kantako errepertorioa daukazue?
I.A.: Zazpi kanta jotzen ditugu geuk sortutakoak, eta baita hainbat bertsio ere. Black Flag, The Cure, Ramones, Dinero...

Ez zarete zuen belaunaldiko doinuetara mugatzen...
I.O.: Ez, izan ere, beti pentsatu dugu aurreko hamarkadetakoa gaur egun egiten dena baino musika landuagoa dela.

Lehiaketak irabazten ibiltzeko, izen pesimista samarra ipini zenioten taldeari...
I.O.: Kosta zitzaigun izenaren kontua: ez zitzaigun taldearentzako izen aproposik bururatzen... Ideia baten bila nenbilela, “izenaren kontuagaz etsi egin beharko dugu” pentsatu nuen, eta hortik etorri sortu zen Etsipen izena. Baina ez gaude etsita, inondik inora: kontrara, jotzeko ilusio handiagaz gaude.  

Zer erronka daukazue?
I.O.: Gure kantak grabatu eta gutxinaka Internetera igotzen joatea gura dugu.
I.A.: Eta lokalean kanta berri gehiago sortzen joatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!