Berrizko ziklo-krosa: parekotasuna lehian eta parekidetasuna sarietan

Anboto 2015ko aza. 26a, 11:20
Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko presidente Agus Ruiz, Berrizko Udaleko alkate Orland Isoird, Berriz Bizikletari Elkarteko Roberto Gomez probaren aurkezpenean.

Zapatuan Berrizburu inguruan egingo duten proban sari berdinak jasoko dituzte gizonek eta emakumeek.  Berrizko proban, Bizkaiko txapeldunak zeintzuk diren erabakiko dira.

Zapatuan Berrizko 6. Ziklo-Kros Proba lehiatuko dute Berrizburu inguruan atondutako zirkuituan. Euskaldun Koparako puntuagarria da, eta Bizkaiko txapeldunak erabakiko dira hirugarren urtez. Maila oneko txirrindulariak datoz eta haien arteko borroka estua espero da. Aurtengo nobedadeetako bat emakumeen eta gizonen arteko sariak eta dietak parekatu egin dituztela da. Bizkaian parekidetasunaren aldeko urrats hori eman duten probetako bi Durangaldean daude: Abadiñon eta Berrizen.

Berrizburu inguruan diseinatutako zirkuituak 2,8 kilometro ditu. Iaz, belodromotik hasi zuten, baina, aurten, hasiera eta irteera kanpoaldean bateratu dituzte, epaileen lana errazteko. Azken egunetako euriagaz zirkuituko gune batzuk lokaztuta egongo dira. Hori ez da arazoa parte hartzaileentzako, “aurten zirkuitu lehorretan aritzen nekatuta daudelako”, Agus Ruiz Bizkaiko Federazioko presidentearen esanetan. Egunean bertan euririk ez egitea da Berriz Bizikletari elkarteko antolatzaileen nahia: “Edozelan ere, Berrizko zaleek beti erantzuten dute”, dio itxaropentsu Roberto Gomez elkarteko kideak.

200-250 bat txirrindularik parte hartuko dute mailaz maila. Gizonen elitean Aitor Hernández eta Javier Ruiz de Larrinagaren arteko lehia espero da. Hernándezek hiru bider irabazi du Berrizko proba eta Larrinagak lehenengoz parte hartuko du. Emakumeetan Olatz Odriozola eta Eider Merinoren artean egon daiteke garaipena.

Aurten Bizkaiko txapelketarako balioko du Berrizko probak. Datorren urtean Euskal Herriko txapelketarako ere balio dezan eskaera egiteko prozedura hasi dutela iragarri zuten.

PROBAKO ORDUTEGIA, AZAROAK 28

- 10:00; Kadeteak, neskak zein mutilak.
- 11:00; Junior mutilak / junior, 23 urtez azpikoak eta elite neskak .
- 12:00; Master 30 / 40 / 50 eta 60.
- 13:00; 23 urte azpikoak eta elite mutilak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!