'Berriztarra' aldatzeko proposamena batzordean landuko dute

Anboto 2015ko aza. 23a, 12:59
'Berriztarra' aldizkariaren azken alea.

Berrizko Udalaren aldizkaria anitzagoa izateko nahia azaldu izan dute EH Bilduk eta PSE-EEk. EH Bilduk azken osoko bilkurara proposamen bat eroan du, mozio formagaz. Besteak beste, euskarari lehentasuna ematea, herritarrentzako gunea izatea eta alderdi politiko bakoitzak iritzia emateko tartea daude proposamenean. EAJk kontra bozkatu du, eta gaia batzorde orokorrean lantzeko konpromisoa hartu du Orland Isoird alkateak. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin da, oro har aldaketekin ados dagoen arren, ez dagoelako ados hizkuntza iritzpideekin.

EH Bilduk proposamenean berrikuntzaren helburua argitu du: "Udalean unean-unean lantzen ditugun gaiei eta gizarteko eztabaidei lekua egingo dien aldizkaria behar dugu". Hori lortzeko, 'Berriztarra' hiru ataletan bereiztea proposatu dute: bata, udalaren inguruko informazioetarako; bigarrena, herritar eta elkarteek euren iritzia emateko; eta hirugarrena, alderdi politikoek, gai-librean, euren ikuspuntua elkarbanatzeko.

Gutxienez bi edo hiru hileko maiztasunagaz kaleratzea proposatu dute, eta hizkuntzei dagokienez, euskarari lehentasuna ematea, bai irakurketa ordenean eta baita testuen luzeerari dagokionez ere. Elebitasuna tratatzeko era horregatik ez du babestu mozioa PSE-EEko Fran del Pinok: "Informazioaren %100 ez bada itzultzen, euskaraz ez dakitenek ez dute den-dena ulertuko". EH Bildutik azaldu dute "gazteleraz guztia ulertzeko moduan" egongo litzaketeela idatzita: "Ez dugu nahi jendeak automatikoki erdarazko aldea irakurtzea. Euskaraganako interesa piztu gura dugu".

Pasa den eguazteneko osoko bilkuran izan zen eztabaida, eta azkenean, EH Bilduk baino ez zuen proposamenaren alde egin. PSE-EE abstenitu egin zen, eta EAJk kontra bozkatu zuen. Orland Isoird alkateak esan zuen prest zegoela gaia batzorde orokor baten aztertzeko, eta eztabaida hurrengo batzordean izateko konpromisoa hartu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!