Bittor Camara: "Eskuz lan egitearen lasaitasuna berreskuratzeko ekin nien lanoi"

Anboto 2015ko aza. 16a, 11:16

Bere herrian, Berrizko kultur etxean, ipini du Bittor Camarak 'Texturak' erakusketa. Diseinatzaile grafiko bezala ordenagailuan lan egiteagaz kokoteraino zegoen sasoi batean hasi zen lan hauek sortzen, Valentzian bizi zela. Eskuz lan egiteak ematen dion lasaitasuna berreskuratu zuen.  

Zure lehenengo erakusketa da, azaroan, Berrizko kultur etxean ikusgai izango den ‘Texturak’. Zergatik ez duzu orain arte erakusketarik ipini izan?
Inoiz egin izan ditut erakusketa kolektiboak, baina lehenengo aldia da bakarkako erakusketa bat ipintzen dudana, bai. Herrira bueltatu naiz, urteetan Valentzian bizi eta gero, eta aukera ederra izan da, bueltan, denbora honetan sortu dudana berriztarrei erakutsi ahal izatea.  

Zer komentatu dizu erakusketa ikusi duen jendeak?
Ikustera etorri direnek gustatu zaiela esan didate. Ez nuen behar jendeak “ze polita!” esatea, baina bai urte hauetan, arteari dagokionez, nondik nora ibili naizen azaltzea. Jendearekin berriro lotura egiteko modua izan da erakusketa.

Gaztetako graffitigilea espero zuten, beharbada, herrikideek?
Ez diot sasoi hartakoari uko egiten. Are gehiago, uztailean hemen geratzeko asmoagaz ailegatu nintzenean, neuk aspaldi egindako graffitiak ikustera joatea izan zen egin nuen lehenengo gauzetako bat, izan ere, hortxe daude batzuk, oraindik. Erakusketakoa bestelako lana da, baina graffitiaren kutsua ikusten diot baita. Koadroen ehundurak hiriagaz loturikoak dira: kaletik hartutako kartel zatiekin egindakoak dira batzuk.      

Graffitigintzaren arlo hori berreskuratzeko gogorik bai?
Egia esan, No Art kolektiboko lagunekin komentatu dugu gustura egingo genukeela berriro gauzaren bat. Baina, gure bizimoduak ere asko aldatu dira urteotan, eta, lehen graffitiak egiteko nahi beste denbora bageneukan ere, orain zailagoa da elkartzea. Hasteko, badarabilgu buruan afari batean elkartzea.

Urteotan, diseinuaren arloan egin izan duzu lan?
Bai. 2001ean, diseinu arloko ikasketak egiteko joan nintzen Berriztik, eta, ondoren, Madrilen diseinatzaile moduan egin nuen lan, bi urtez. Duela bost urte ingurutik bizi dugun krisi delako honek diseinatzaileon ogibidea asko zaildu du, eta irakaskuntzako oposaketak prestatzea erabaki nuen. Bost urtez, marrazketa irakatsi dut Bigarren Hezkuntzan, Valentzian.

Azken urteotan sortutako lana da erakusketakoa?   
Bai, azken lau-bost urteetakoak dira gehienak, irakasle moduan jardun naizen sasoikoak. Ebroren delta ingurutik hasi, eta Elxeraino ibili naiz urteotan irakasle, ikasturte bakoitzean hutsetik hasita: bederatzi hilero herria, etxea, lagunak... aldatuz. Batez ere, negu partean, ordu asko pasatzen nituen etxean, eta lan honetan murgiltzeko aukera ezin hobea zen.

Gustura jardun zara irakasle lan horretan?
Bai, oso gustura. Ez dakit ikasleek nigandik zenbat ikasi duten, baina nik ikaragarri ikasi dut eurengandik. Erakusketa honetako koadro gehienak, esaterako, ikasleei planteatutako ariketetatik sortu nituen. Eurekin batera sortu izan dut nik ere.

‘Collage’-ak dira erakusketan ipini dituzunetako asko.  
Bai, baina denetik dago. Lehengoan, lagun batekin egon nintzen erakusketa ikusten, eta honela laburtu nion prozesua: dauzkadan materialekin jolastea da nik egiten dudana, ondo pasatzea. Berdin zait koadroan zerbait itsastea, edo marraztea...

Aspaldiko lan bat ere ipini duzu erakusketan...   
Arte Ederrak ikasten nenbilenean egindako koadro bat da, bai. Ehunduren aukerez kontziente nintzela egin nuen lehenengo koadroa izan zelako ipini dut erakusketan. Beste lanak ere, jolasaren emaitzak dira; forma geometrikoekin jolasten hasita sortutakoak, paper mota desberdinekin egindakoak... Bide berriak bilatzea eta jorratzea gustatzen zait; egiten dakidanak aspertu egiten nau une batean, eta beste zerbaiti ekiteko gogoa sartzen zait.

Ordenagailuagaz landutako diseinurik ez dago, aldiz.
Lan hauek egiten hasi nintzen, hain zuzen, ordenagailuan lan egiteagaz kokoteraino nengoen sasoi batean. Diseinatzaile grafikoaren lanaren erritmoak dena presaka egitera eramaten zaitu, eta, azkenean, ez duzu izaten astirik gauzak eskuz lantzeko. Eskuz lan egitearen lasaitasuna berreskuratu gura nuen, horrek ematen duen askatasuna. Irakasle izanda, denbora gehiago neukan, eta aurrekoagaz apurtzeko modua izan zen lan hauek egitea: ordenagailu aurreko tentsioa eta estresa alboratzekoa.   

Zer material eta proiektu daukazu orain mahai gainean?   
Lumagaz dihardut, azken aldian: letrei eta kaligrafiari loturiko lanak egiten. Enkargu pare bat daukat, baina oso lasai dihardut, lagunek eskatutako lanak dira eta. Behar ditudanerako, prest dauzkat txapelak margotzeko pinturak, eta baita, kutxa batean, collage-ak egiteko erabiltzen ditudan aldizkari zatiak ere. Denbora libre asko daukat orain, eta gozatzen nabil.

UEUn sormenaren inguruko ikastaro bat ematen duzu. Gustura zabiltza?  
Bai. Hezkuntza arloko profesionalak dira ikastaroaren hartzaile gehienak, eta denok garela sortzaileak da ikastaroagaz helarazi gura diedan mezu nagusia. Sorkuntzagazko beldurrak gainditzera bultzatu gura ditut partaideak. Umetan bor-bor daukagun sormena ia guztiz desagertzen da helduaroan, eta inportantea da ulertzea zer gertatzen zaigun, gauzak aldatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!