Berrizko belodromoa, harrobiko txirrindularien eskola

Anboto 2015ko aza. 13a, 15:52
Haur kategoriako bigarren urtekoak Berrizko Belodromoan (Argazkia: Bizkaiko Txirrindularitza Federazioa)

Formazio eta Teknifikazio Zentroa sortu dute Berrizen. Pistako ziklistei ez ezik, bizikleta gaineko teknika hobetu gura duten errepideko txirrindulari gazteei ere irekita dago.

Pistako txirrindularitzaren gaur egungo egoerari buelta eman nahian, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak programa berri bat jarriko du martxan Berrizko belodromoan. Bide horretan, Pistako Teknifikazio eta Formazio Zentroa sortu dute bertan. Ez da pistako txirrindularitzara mugatuta egongo. Aitzitik, Bizkaiko errepideko gazteei ere bideratutako eskola bihurtu gura du. Bizikleta gaineko kontrola eta teknika hobetzeko aukera egongo da.

Gazteei begirako egitasmoa da. Beraz, kadete, junior zein haur-kategoriako —bigarren urtekoak— Bizkaiko taldeetan eta txirrindularitza eskoletan dabiltzan neska-mutikoek parte hartu ahal izango dute.

Egitasmoak 42 saio aurreikusten ditu, azarotik datorren urteko apirilera bitartean.  Saio horien ondoren, gura duen txirrindulariari pistako modalitatera espezializatzeko aukera eskainiko diote.

2016an zehar Euskadiko Txapelketetan parte hartuko dute eta pistako Espainiako Kopako probetara joango dira, besteak beste. Bizkaiko txapelketak ere egitasmo honen barruan antolatuko dituzte.

Bizkaiko Federazioak sustatutako ekimen honen kirol-kudeaketa zein kudeaketa ekonomikoa Durangaldeko Belodromoa Klubaren kargu egongo da. Egitasmoko arduradunak Raul Mena —teknikoa— da eta Joseba Gorostiza —monitorea— izango dira. Bizkaiko selekzioaren hautzaile lanak Eduardo Rincónek egingo ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!