Lih Beiruk: "Euskal Herria beti egon da elkartasunaren abangoardian"

Anboto 2015ko aza. 13a, 09:00

Frente Polisarioko ordezkaritzako Lih Beirukek berbaldia eskaini zuen, eguaztenean, Berrizen. ANBOTOgaz batu zen ekitaldiaren aurretik.



40 urte dira Marokoren okupaziotik. Luze doa, ezta?   
Bai. Lau hamarkadako drama bat da, eta agintari espainiarrek  gogoeta egiteko zain gaude. Marokoren presio eta txantaien erruz, gure ibilbidean geratuta gaude. Marokok, soluzio militarra inposatzeko ezintasunaren aurrean, munduko harresirik luzeena egitea aukeratu zuen, Israelen laguntzagaz. Afrikar Batasunaren konferentzia batean erreferenduma egitea onartu zen, eta Hassan II.a erregeak ere horren alde egin zuen hasieran. Nazio Batuen Erakundeak plan bat diseinatu zuen, eta 1992an egin behar zen galdeketa. Baina, bertan behera geratu zen, eta 23 urtez itxaroten gaude.  Marokok bazekien sahararren independentzia ekarriko lukeela, eta oztopoak ipintzen jarraitzen du. Espainian egon diren gobernuek egoera hori babestu dute.

Erreferendumak ekarriko luke, beraz, konponbidea?   
Orain arte bai, hori da martxan dagoena. Baina, desafio keinua eginez, Mohamed VI.a erregea lurralde okupatuetara joan zen, jarrera guztiz erasokorra erakutsiz. Negoziazioak jarraitzeko ez zegoela prest adierazi zuen bertan, eta NBEko ordezkariek ez zutela Mendebaldeko Sahara berriz zapalduko ere bai.  Orain, NBEren teilatuan dago pilota. Aste honetan bertan, Christopher Roos ordezkari berezia hara joango dela baieztatu dute.

Bitartean, errefuxiatuek egoera zailean jarraitzen dute...   
Urte asko dira, baina gure jendeak nahiago du 40 urteotako gurutze-bidea bizi, etsitako eta menderatutako marokoar lez bizi baino.

Kanpotik elkartasuna jasotzen duzue, Euskal Herritik ere bai.   
Handia. Euskal Herria beti egon da elkartasunaren abangoardian. Zintzoki, zuen elkartasun barik, gure erresistentzia-gaitasuna asko txikituko litzateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!