Fronte Polisarioko delegatu bat etorriko da Berrizera, Saharako okupazioaren 40.urteurrenean

Anboto 2015ko aza. 10a, 09:10

Zapatuan 40 urte betetzen dira Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokoren esku utzi zuela. Urteurren horren harira, eta akordio hura salatzeko, egitaraua prestatu du Berrizko Udal Kontseiluak. Herrian bertan hainbat ekitaldi egingo dituzte, eta azaroaren 14an Madrilen egingo duten manifestaziorako autobusa ere antolatu dute.


Bihar, azaroak 11, Fronte Polisarioko delegazioko Lih Beirukek hitzaldia emango du, kultur etxean, 19:00etan. Aurretik, 18:30ean, kontzentrazioa egingo dute Urtiaga plazan, eta Udal Kontseiluak prestatutako manifestua irakurriko dute.

Azaroaren 14an, zapatua, Sahararen okupazioa salatzeko manifestazioa egingo dute Madrilen. Berriztik, autobusa antolatu dute, eta 07:00etan Kutxabanketik irtengo dira. 18:30ean, gaztainak erreko dituzte, eta gaztain zorroa hartzeko, Elkartasun Karabanarako elikagaiak eroan beharko dira: sardinak oliotan, arroza, azukrea, lekaleak, pastak eta konpresak lako produktuak batuko dituzte.

Erakusketa anbulategi zaharrean

Azaroaren 20ra bitartean, Berrizko kontsultategi zaharrean 'La larga noche saharaui' izeneko erakusketa egongo da ikusgai. Munduko Medikuak elkartearen erakusketa da, eta saharauien argazkiak eta testigantzak jasotzen ditu. Arratsaldetan egongo da zabalik erakusketa, 18:00etatik 20:00etara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!