J.Manuel Cembellin: "Margarita Maturanak argi zuen ez zutela behar eurengan aginduko zuen gizonik"

Anboto 2015ko urr. 9a, 11:08

Margarita Maturana. O cómo cambiar el mundu desde Berriz berbaldia emango du Juan Manuel Cembellin historialariak, urriaren 14an. Bere berbetan, "Durangaldeak sortutako pertsonaia bitxienetariko bat da Margarita Maturana". Gerediagak antolatutako ‘Historia astinduz’ hitzaldi zikloaren barruan eskainiko du hitzaldia. Berrizko Mesedeetako komentuko museora bisita gidatua ere antolatu dute. Urriaren 17an izango da, 12:00etan.

Bere garaiari aurreratua  izan zen Margarita Maria Maturana?
Garaiari oso aurreratua esango nuke. Klausurako komentuan sartzea aukeratu zuen bizitzan, eta, hori misio-institutu bihurtu zuen. Komentuan aurkitutakoa ez zetorren bat munduan parte hartzeko bere ikuspuntuagaz, eta apurka-apurka aldaketak sartu zituen. Argi zuen, gainera, emakumea zela, emakume erakunde baten, eta ez zutela behar eurengan aginduko zuen gizonik. Autonomiaz jardute aldera bideratu zituen komentuaren eraldaketa eta misio institutuaren sorrera. Nahiko abangoardista, 1915-1920an kokatuz gero.

Pertsonen duintasuna, andrena batez ere, aldarrikatzen zuen.
Ebangelioaren interpretazio propiotik abiatuta, gizartean eragiteko edo laguntzeko era bat sustatu gura zuen, eta ez bakarrik urrunera joanda: Gasteizko langile-auzo batean eskola bat sortzeko jasotako proposamena ere benetako misiotzat hartu zuen. Oso argi zuen misioetara joatea, ez zela txinatarra kristau egitera joatea. Bokazioz egin zuen lan andrekin, baina, egia da, mojek emakumeekin baino ez zutelako lan egiten.

Emakumeei laguntzea oso garrantzitsua zen berarentzat.
Oso argi zuen hori. Hemen gutxietsita zeudela ikusten zuen, eta are gehiago Txinan edo Mikronesiako irletan. Nahiko ipurtarina zen bera, eta neskentzako eskolekin hasi ziren arren, segituan sartuko ziren proiektu berriekin: anbulategiak, umezurtegiak... hor mutilak ere egon ziren. Baina, gehienbat, andrekin egin zuten lan.

Klausurako komentua zena mundura zabaltzea lortu zuen.
Klausurako komentua 1550ean sortu zuten, Berrizko parroko batek testamentuan utzitako diruagaz. Eskola sortu zuten,  XIX. mende bukaeran, klasurako komentu izateari utzi gabe. Margarita ikasle lez sartu zen lehenengoz, ahizpa bikiagaz.

Gero sartu zen moja.
Oso sinisdunak ziren bi ahizpak. Eskolan batera sartu ziren, eta moja ere bai. Hori bai,  erlijio-ordena desberdinetan, batera egonda txikizka ibiliko zirela uste zutelako, eta, elkarrengandik banatzea Jainkoari egindako eskaintza dela sinistuta.

Mutil gazte batzuengandik aldendu gura izan zituen amak...
Bikiak gorteatzen ari ziren nautikako bi ikaslerengandik urruntzeko bidali zituen amak Bilbotik Berrizera. Gero, ez zute mutilotaz ezer jakiterik gura izan. Moja sartu ziren biak.

Mesedeetako Misiolariak sortu zituen Margarita Mariak...
Misioetara joateko, komentutik irteteko lehen pausoak 1915ean eman zituzten. 1926an, klausura utzi, eta misioetara joateko lau urteko baimena lortu zuten Erromatik. Ordura arte, misioei laguntzen aritu ziren (gauzak lortu, dirua, animoak emateko idatzi...). Segituan hasi ziren lanean, eta lau misio sortu zituzten, Txinan, Japonian eta Ozeano Barean. Klausura utzi, eta lan horregaz jarraitzeko, Misio Institutua sortzeko eskaria egin zuen Margarita Mariak.

Eta lortu zuen.
1930ean sortu zen Misio Institutua. Hala ere, Erromak baldintza tranpa jarri zien: komentuko 94 mojak ados egotea. Lortu zuen Margarita Mariak. Nahiko traba jarri zizkieten, mesedeetako gizonek, batez ere. Jesuitek, aldiz, asko lagunduko zien.

Misioetarako bidaia odisea izango zen garai haietan.
Itsasontzian joaten ziren misioetara. Bidaia oso garestiak ziren, eta komentua hipotekatzera heldu ziren. Urrunen, Bilbon egondako Durangaldeko bost mojek hiru hileko bidaia egin  zuten, Txinara: euskaraz zekiten, gaztelania pixka bat...  Momentu  gogorrak bizi zituzten, heldu, eta gerra hasi zen-eta. Baina, gutunek konpromiso itzela erakusten dute; etsipenik gabe. Mirestekoa da. 19 urtegaz edo gazteago sartu ziren batzuk komentuan, ez zuten besterik ezagutzen.

Komentuko museoan ikusi daiteke hori guztia.
Hainbat idatzi eta argazki daude.  Kuriosoa da Txinako eskola haietan egindako jaietan umeak ezpatadantza egiten ikustea. Garai haietarako, ezohiko bizimodua izango zutelakoan nago.

Bisita gidatua antolatu dute.
Horrela da. Margarita Maturanaren bizitza eta misioetan egindako lana erakusten da museoan. Baita Berrizko Mesedeetako Misiolariek gerora egindako lana ere. 1950eko hamarkadan, AEBn eta Mexikon ere finkatuko dira; 60ko hamarkadan Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan eta Afrikan. Erlijioaz haratago, lan sozial oso garrantzitsua egiten dute, eta Margarita Mariak utzitako legatua dela oso argi dute.

Ezagutzen ez dugun zerbait azalduko duzu?
Bilbokoa zen arren, bizitza aktibo guztia Berrizen egin zuen, eta eskualdeak sortutako pertsonaia bitxienetarikoa da. Barne-eztabaida etengabean zegoen: pausoak eman gura zituen, baina, ezin zuen. Bitxia izan daiteke, erlijiosoekiko ikuspun oso laua, lineala, dugu-eta batzuetan. Pertsona moduan aberatsa eta interesgarria da; erakargarria izan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!