Kale argiteria aldatzen jarraitzen dute Berrizen

Anboto 2015ko urr. 8a, 12:30

Apurka-apurka, Berrizko kale argiteria osoa berritzen dabil Berrizko Udala. Gutxiago kutsatu eta kontsumitzen duen led argiteria jartzeko laugarren fasea hasi du berriki: Gabiola eta Iturritza bitarteko kaleetan dabiltza farolak aldatzen. Orain arte egindako aldaketekin, urtean 14.000 euro aurrezten direla kalkulatu dute. 


Guztira, 48 kale-argi aldatuko dituzte fase honetan: Gabiola kalean, etxeetako fatxadetan dauden argiak, Gabiola kaleko atzealdeko plazakoak, Geltoki enparantzakoak, eta duela gutxi berriztutako Iturritza kaleko zati bateko argiak ere aldatuko dituzte. Lan horiek egiteko, 80.000 euro behar izan ditu udalak, eta aldundiaren 48.000 euroko diru-laguntza jaso du.

Aldaketa herri osoan
Herrigune osoan argiak aldatzeko, bizpairu fase falta direla azaldu du Orland Isoird alkateak. Argiteria berriagaz, udalak, urtean, 14.000 euro inguru aurrezten dituela kalkulatu dute: “Ez da erraza kalkulatzea, energia gutxiago kontsumitzen dugun artean argindarraren prezioa etengabe gora doalako”. Herrigune osoan led teknologia jarri eta gero, asmoa  industriaguneetan aldaketak egitea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!