Garazi Arrizabalaga: "Italian negar asko egin dut, batzer guztietan emozionatzen nintzen"

Anboto 2015ko ira. 27a, 10:00

Museoko hezitzaile, turismo gidari, irakasle, bisita gidatuetan... aritu da Garazi (Berriz, 1984). Orain 10 urte, Artearen Historia ikasketak amaitu zituenetik, artea du lanbide. BZ’arte Zirkuituak ditu esku artean eta, laster, Europako Ondarearen Jardunaldietan arituko da. Arteaz jarduteko egin dugu hitzordua.

Artearen Historia aukeratu zenuen ogibide. Betidanik izan duzu artearekiko ikusmina?
Bai. Gurasoekin, oporretan, askotan joaten ginen elizak, museoak... ikustera, eta ni beti begiak zabal-zabalik! (barrez). Institutuan ere, Artearen Historia irakasle oso ona izan nuen. Orduan, guztiz maitemindu nintzen.

Gutxi batzuen aukera da artea? Elitista dela uste duzu?
Bisita gidatuak egin eta gero, askok interes handia dutela konturatu naiz, baina, uste dute ezjakinak direla, edo, oso eskura ez dagoen zerbait dela. Bisitetara adin askotariko jendea dator, hainbat tokitakoak...

Europako Ondare Jardunaldietan aritzen zara gidari?
Zaldibarren, Garain, Iurretan eta Berrizen ibili naiz. Herrian duten ondareaz harrituta geratzen dira asko. Bilbo ingurutik ere etortzen da jende asko.

BZ’arte Zirkuituak: artea eta sormena Bilbo Zaharrean. Hori  duzu orain esku artean?
Bai. Bilbo Zaharra asko aldatu da azken urteetan, eta hori erakusteko, BLV-Art festibalaren baitan hainbat espazio bisitatuko ditugu, galerietara hurbilduz.

Erroman, Napolin... bizi izan zara.  Artea gustuko duenarentzat ezinbesteko bisita?
Italian negar asko egin dut nik, bazter guztietan emozionatu egiten nintzen, liburuetan ikasitako guztiak bertan ikusten nituen eta. Stendhal sindromea sentitu nuen. Batez ere, Florentzian sentitu nuen beste inon sentitu ez dudan emozio hori. Erasmus programarekin egin nituen ikasketak Erroman. Gero, Leonardo Da Vinci bekarekin, Napolin egin nuen lan.

Artearen sorlekua da Italia?
Arte motaren arabera. Arte garaikidea ezagutzeko, Parisera joango gara; eta, oraingo artea edo arte abstraktua ezagutzeko, New Yorkera. Baina, arte klasikoa, errenazimendua, barrokoa... gustuko baduzu, Italiara, dudarik gabe.

Ezagutzen dugu artea? Aurreritzi asko ditugu?
Jendeak gehiago daki futbolaz, arteaz baino. Adibidez, arte modernoa diote garaikidea esan gura denean: arte modernoa XIV-XVI. mendekoa da.

Artea gehiago ezagutuz gero, gehiago hurbilduko ginateke?
Seguru, eta gehiago baloratuko genuke gure ondarea. Adibidez, inork gutxik daki Berrizko elizan dugun koadroa Italiatik ekarritakoa dela. Inguruan ez dago horrelakorik. Harribitxi bat dugu herrian, eta askok ez dakite.

Arteaz inguratuta bizi gara.
Horrela ikusten dut nik. Baserri bat, elizak, monumenturen bat ikustean... Gasteizko kaleetan noala XIII. mendeko etxea ikusita, albokoari komentatzen diot. Apur bat frikitzat hartuko naute batzuetan. (barrez). Arazoren bat izan dut museoren batean ...

Zein?
Familiagaz Thyseen museoan sartu, eta azalpenak ematen ari nintzela, gidari agiria eskatu zidaten. Familiagaz nengoela esan arren, sei lagunetik gorako taldeetarako agiria behar nuela esan zidaten.

‘Hori neuk ere egin dezaket!’, horrelakorik entzungo  zenuen...
Dalik esaten zuen lez: “... egizu zeuk aurretik”. Beste eztabaida bat litzateke, nork erabaki behar duen zer den artea eta zer ez.

Irakasle ere bazara. Nola tratatzen dute eskoletan artea?
Oso txarto. Ez da erakusten artea zer den eta zertarako balio duen. Normala, gero, interesik ez izatea. Artea garrantzitsua da sorkuntza lantzeko ere. Denak ez gara matematikariak!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!