'Berriztarra' anitzagoa izateko eskatu dute oposizioko taldeek

Anboto 2015ko ira. 10a, 12:30
'Berriztarra' aldizkariaren azken alea.

Udalak kaleratzen duen ‘Berriztarra’ aldizkarian aldaketak egiteko premia agertu dute EH Bilduk eta PSE-EEk, osoko bilkuran. Udaleko ekintzen berri ematen alkatea baino ez dela agertzen kritikatu dute, eta, besteak beste, alderdientzako espazio bat eskatu dute: “Udalak egiten dituen gauzez gain, herritarrek ezagutu ditzaten alderdiok dauzkagun ikuspuntuak eta eztabaidak”.

Udaleko egitasmoen atzean alderdien arteko eztabaidak izaten direla, eta berriztarrek horien berri izatea "aberatsa eta iritzi-sortzailea" izan daiteke, EH Bilduren ustez: "Egiten den dena eztabaida askoren ostean egiten da, eta batzutan beste alderdien proposamen batetik irtendako egitasmoak dira". Argazkietan-eta alkateak protagonismo handiegia duela kritikatu dute; "ematen du denak direla alkatearen ideiak".

PSE-EEko zinegotzi Fran Del Pinok ere begi onez ikusi du alderdiek iritzia emateko espazio bat izatea. Aldizkaria oso noizean behin kaleratzen dela eta gauza asko leku gutxian kontatu nahi direla esan du: "Ematen du 'ze onak garen' esaten gabiltzala". Gaineratu du aldizkaria ez dela gertukoa herritarrentzat: "auzokideen iritziak jasotzeko tresna ere izan beharko luke".

Orland Isoird alkateak nabarmendu du aldizkarian arloka egiten diren proiektuak agertzen direla, eta teknikariekin adosten duela zer eduki sartu. Dena dela, gaiari buelta bat emateko prest agertu da: "eztabaidatu eta hobetu daitekeena, ondo-etorria da".

Herritarren iritziak ere jaso nahi dituzte. Alkatea gaiari buelta bat emateko prest agertu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!