Berrizen eskolarteko BTT topaketa ospatuko da domekan 200 gaztegaz

Anboto 2015ko ira. 3a, 13:31

Berrizko Bizikletari Elkarteak antolatuta, 14 urtera arteko 200 gaztetxo eskolarteko BTT topaketan elkartuko dira domekan Berrizburu inguruan. Berrizen Bizkaiko eskolarteko horrelako topaketa bat egiten duten lehenengo aldia izango da.


Joseba Arregi bizikletari elkarteko kidearen berbetan, hainbat helburu bete gura dituzte ekimen honekin: “Urtean eskolarteko 35 bat topaketa egiten dira, eta gehienak, 20 bat, errepidekoak dira. Mountain bike-ekoak, berriz, sei baino ez dira, eta Berrizen, Berrizburu inguruan, BTTra bideratutako zerbait egiteko kriston inguruak daudela iruditu zitzaigun”. Horrekin batera, Arregik zein Berrizko alkate Orland Isoirdek azpimarratu dutenez,  Berriz zein Iñaki Lejarreta zirkuitua ezagutara emateko oso aukera ona da. Berrizko Udalak ekimena antolatzeko “erraztasun denak eman dizkigu”, Arregiren esanetan.

Gaztetxoak mailaka banatuko dituzte, umetxoetatik —2007tik aurrera jaiotakoak—  haur-kategoria —2001etik aurrerakoak— artekoak. Gaztetxo horiek Berrizburu inguruan antolatutako zirkuitu bitan ariko dira. 500 eta 1.200 metroko zirkuitu bana atondu dituzte eta adinaren arabera ibilbide luzeagoak edo laburragoak osatuko dituzte 11:00etatik aurrera.

Ibibidea bat osatzeaz gainera, eskolarteko topaketetan gaztetxoek ginkana bat ere egin ohi dute euren abilidadeak lantzeko. Iñaki Lejarreta zirkuituak eskaintzen dituen aukerak ikusita, ginkana saioak bertan egingo dituzte. Zirkuituan gaztetxoei bideratutako ibilbide bat dago eta horko zati bat aprobetxatuko dute ginkana egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!