Legañon amaitu dituzte harresitik kanpoko azterketak

Anboto 2015ko ira. 1a, 13:02
Arkeologoak Legañon lanean. Iazko udako argazkia.

Astelehenean estali dute arkeologoek lan eremua. Aurten hamazazpi hilobi topatu dituzte Legañoko Erdi Aroko hilerrian, eta baita kanposantuaren hegoaldeko muga ere. Roman Rodriguez arkeologoaren berbetan, hurrengo pausua XIX.mendeko hilerria aztertzea izan daiteke, bertako hezurrak aztertzeko eta lursail horretan Erdi Aroan egon zen ermitari buruz gehiago jakiteko.

Erdi Aroko hilerria gutxi gorabeherakoa zelakoa zen, bai, badakite, baina hari lotutako herrixka non zegoen, oraindik misterioa da Legañon. Abuztuan hilerri zaharrean ibili dira lanean arkeologoak, eta Roman Rodriguez indusketaren arkeologo arduradunak azaldu du topatu dituzten aztarnak orain arte aurkitutakoen antzerakoak direla: "hilobiak mota berekoak dira, ez da eboluziorik igartzen". Bertako indusketek informazio berririk ekarriko ez dutela eta, alboko lursailaz hitz egin du arkeologoak: Oraindik aurrerako ikerketagaiak, bidearen beste aldean, XIX.mendeko kanposantua egon zen lekuan daude Rodriguezen esanetan.

Egindako lanaren berri emateko, hile honetan udal arduradunekin berba egin behar dute arkeologoek, eta lanekin zelan jarraitu adostuko dute.

XIX.mendeko kanposantua egon zen lekuan, zutunik baina jausteko zorian, hilerri modernoa mugatzen zuen horma zatia dago. Roman Rodriguezek azaldu duenez, horma horretako harriak zaharragoak dira: "XIX.mendea baino lehen egondako ermita baten harriak berrerabili zituzten hilerri hartan". Zonalde horretan, beraz, bi garaitako aztarnak daude ikertzeko: XIX.mendeko hilerrikoak eta Erdi Aroko ermitarenak. 

XIX.mendeko hilerria 50 bat urtez erabili zen berriztarrak lurperatzeko. Rodriguezek kontatu duenez, bertan, uste zena baino eskeleto gehiago daude: "garai hartan Bizkaian epidemia ugari izan ziren, eta horregatik izan daiteke". Zer gaixotasunengatik hil ziren, mediku forentseek esan beharko dute. Rodriguezek adierazi duenez, hezurrak ez daude ondo kontserbatuta, eta kontu handiz atera beharko dituzten profesionalak beharko dira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!