Berriztarrak badabiltza herri ortuetan lanean

Anboto 2015ko abu. 26a, 10:01

Apurka-apurka itxura polita hartzen dabiltza Berrizko herri ortuak. Uztailaren amaieran egin zuten lursailen banaketa, eta herritar batzuk dagoeneko atondu dute euren ortu eremua. Nekazaritza ekologikoan jardungo dute kanposantu alboko baratzeetan, eta begirale baten laguntza izango dute mota horretako nekazaritzan zelan lan egin ikasteko.

Momentuz, hogeitabost lursail banatu dituzte, eta horietako hiru gordeta egon dira: bat eskolarako, beste bat instituturako eta hirugarrena elbarrituentzat. Lursailek 60 metro karratu dituzte, eta udalak eremu handiagoa eskuratu zuenez, gerora lursail gehiago banatzeko aukera egongo dela azaldu du Orland Isoird alkateak: “57 lursail banatzeko moduko eremua daukagu, eta aurrerago aztertuko dugu bigarren fase bat zabaltzeko aukera”.

Euri-urekin lanean
Herri ortuetan, herriko ura erabili beharrean euri-urak erabiliko dituzte. Horretarako, euria egiten duenean ura batzeko biltegiak dituzte baratzeetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!