Iñakiren Bideak ibilbidea osatuko dute asteburuan

Anboto 2015ko abu. 25a, 11:14
Iaz Iñakiren Bideak ekimenean parte hartu zuten txirrindulariak.

Iñaki Lejarretaren omenez Euskal Herriari bira ematen dion Iñakiren Bideak bizikleta ibilbideak hirugarren aldia egingo du zapatu honetatik domekara. Lejarretaren senitarteko eta lagunek zein mendiko bizikletazaleek 427 kilometroko ibilbidea osatuko dute hainbat etapatan banatuta.

Mendi bizikleta ibilbidea Berrizen, Lejarretaren sorterrian, hasiko dute barikutik zapaturako gauean, 04:00etan. Guztira bederatzi etapatan banatuta egongo da eta erreleboka osatuko dute. Lehenengoan Berrizko Elizondo plazatik Ulibari-Ganboa presara arteko bidea osatuko dute (45 kilometro). Hurrengo etapetan Araba (San Roman de Campezo), Nafarroa (Izkue) eta Gipuzkoako (Hondarribia, Zarautz) lurrak zapalduko dituzte. Azken etapak Olatz eta Berriz lotuko ditu 37 kilometroko ibilbideagaz eta bizikletariak 16:00 inguruan helduko direla aurreikusten dute.

Ibilbidean parte hartzeko ez dago izena eman beharrik ez delako lasterketa bat. Era berean parte hartzaile bakoitzaren ardura izango da ibilbidea osatzeko beharrezko materiala eramatea. Etapa denetako ibilbide zehatzak eta ordutegiak www.inakirenbideak.com webgunean aurkitu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!