Berrizko merkatariek aukera azokagaz estreinatuko dute probalekuko lur berria

Anboto 2015ko uzt. 15a, 10:44
Obretan azken ikutuak egiten dabiltza asteon.

Aisialdirako gunea da probalekua, eta bertan herriko taldeek hainbat jarduera antolatzen dituzte. Karrajuko lurra estaltzen dabiltza, ume eta nagusientzat zapaltzeko errazagoa izateko. Bariku honetan bertan merkatarien aukera azoka izango da probaleku eraberrituan. Jarri duten lurra probak dauden egunetan kentzeko modukoa da.

Berriztarrek gauza askotarako erabiltzen dute probalekua, ez probetarako bakarrik. Herri bazkariak, azokak, dantzak, eta askotariko ekitaldiak bertan izaten dira, eta horrelako jarduerarik ez dagoenean, aisialdirako gunea da probalekua. Karrajua, baina, ez da erosoa izaten ekintzetarako, ezta umeek eta nagusiek urte osoan zapaltzeko ere. Horregatik, estali egin dute karrajua, tartean hainbat alturatako egiturak jarri dituzte. Orland Isoird alkateak azaldu duenez, espazioa apropos ez da diafanoa izango: "Bestela arriskua dago baloiarekin koadrila batek leku dena okupatzeko; dena irekia ez ipinita, guztiek, ume txikiek ere, izango dute jolasteko aukera". Bigarren fase baten ume txikienentzako txin-txaunak jartzea aurreikusi dute.

Barikuan, aukera azoka

Bariku honetan Berrizko merkatariek estreinatuko dute probalekuko lur berria. 10:00etatik 20:00etara, euren produkutuak jarriko dituzte salgai, ohikoa baino prezio merkeagoan.

Aurrekontu parte-hartzaileetatik

Probalekuko obren aurrekontua 75.000 eurokoa da, eta aurrekontu parte-hartzaileen batzarretan irtendako proiektua da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!