Berrizko elikagaien bankuaren alde, kontzertu solidarioa egingo dute zapatuan

Anboto 2015ko mai. 19a, 11:24
Iazko elkartasun jaialdian Berrizko hainbat musikarik parte hartu zuten.

Berrizko bertso eskolako kideek, Froufek, Usue Martinezek eta Boubak parte hartuko dute musika jaialdian. Kontzertura sartzeko elikagairen bat eroan beharko da kultur etxera. Esnea, barazkiak kontserban edo olioa eroateko eskatu dute.

Elkartasun kontzertu berezia izango da zapatukoa. Berrizko Osasun, Ongizate, Kooperazio eta Inmigrazio kontseiluak antolatu du jaialdia. Iaz egin zuten lehenengoz elikadura bankuari laguntzeko kontzertua, eta, orduan ere, Berrizko musikariek eta Berrizekin harremana duten musikariek parte hartu zuten.

Kontzertua Berrizko kultur etxean hasiko da, 20:00etan. Berrizko bertso eskolak, Joshua Froufe eta Usue Martinez bakarlariek eta Senegalgo doinuak lantzen dituen Boubak parte hartuko dute.

Kulturarteko jaia, ekainaren 14an

Udal kontseilua kulturarteko topaketak antolatzen ere badabil. Urtero egiten dute hainbat jatorritako janaria eta musika ezagutarazteko jai hori. Aurten, ekainaren 14an izango dela azaldu dute. Datorren astelehenean, maiatzak 25, finkatuko dute egitaraua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!