Errotatxo kaleko irudiagaz irabazi du Txomin Pinillak herriko saria

Anboto 2015ko mai. 14a, 09:25

Akrilikoagaz probatzeko apustua egin du Txomin Pinilla berriztarrak pintura lehiaketaren aurtengo edizioan. Orain arte olioagaz egin izan du lan, baina teknika berriagaz gailendu, eta herriko margolari baten lanik onenaren saria jaso du. Ez da Pinillak sari hau jasotzen duen lehenengo aldia: beste edizio batzuetan ere eman izan dio epaimahaiak sari hori.


Errotatxo kaleko irudiagaz irabazi du herriko saria. Zapatua egun oso eguzkitsua izan ez bazen ere, tarteka agertzen ziren eguzki izpiak margotu zituen Pinillak. Izan ere, inpresionismoa du gustuko; hau da, paisaia batek sorturiko sentsazioen arabera jokatzea koadroko argi-itzalak margotzean.

Gaztelugatxe margotzea du orain, Pinillak, esku artean. Izan ere, kostaldeko paisaiak maite dituela azaldu du, itsaslabarretako argitasunaren jokoak, bereziki: “Ilunabarrean, eguzkiak itsaslabarrean sortzen dituen argiak eta koloreak oso gustuko ditut”. Etorkizunean, itsaslabarren irudiekin egindako koadroen erakusketa bat egitea gustatuko litzaiokela kontatu du. “Umetan Gorlizko ospitalean ingresatuta egon nintzen, eta ordutik hona bereziki maite dut itsasaldeko paisaia”.

José Ignacio Ameliviak margotutako koadroak –lerro hauen eskuinaldeko argazkian ikus daiteke– irabazi zuen Berrizko lehiaketako lehenengo saria. José Luis Lopezek eraman zuen bigarren saria, eta Juan Berrozpek, ostera, hirugarrena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!