Zapatutik aurrera anbulatorio zaharrean egongo da Kalabazan ludoteka

Anboto 2015ko mai. 4a, 17:00

Maiatzaren 9an leku berria estreinatuko dute Kalabazan ludotekan dabiltzan begiraleek eta umeek: Kultur Etxetik anbulatorio zaharrera pasatuko dute ludoteka. Orain arte, kultur etxeko hirugarren pisuan egin dute bi zapaturik behineko jarduna, baina, bertako baldintzak egokienak ez zirela-eta, beste lokal bat eskatzen ibili dira begiraleak.


Kultur Etxeko lokala arin berotzen dela nabarmendu dute begiraleek, eta umeentzako ez dela aproposena: “Gainera, moketa dauka, eta umeekin beti zikintzen izan da apur bat; astelehenetan, yogako taldeak igarri izan du hori”, azaldu du Ireide Serrano begiraleak. Horretaz gainera, hirugarren pisuan egonda, kalera irtetea ez zen hain samurra. Anbulatorio zaharrean, gainean dagoen parkera joateko aukera izango dute umeek.
Datorren astean ibiliko dira Pagotxa aisialdi elkartekoak materiala bertara mugitzen.

Kalabazan ludoteka Pagotxak kudeatzen du, eta hiru begirale ibiltzen dira 3 eta 11 urte arteko umeekin. 15 eta 30 ume artean hurreratzen dira bertara. Arratsalde osoan edo bi txandatan egon daitezke umeak, 17:00etatik 18:30era eta 18:45etik 20:15era.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!