Txapela ezin jantzi

Anboto 2015ko api. 27a, 11:42

Pablo Berasaluze berriztarrak eta Aitor Zubietak 22-7 galdu zuten Bengoetxea VI. eta Untoriaren aurka. Erabat nagusi izan ziren nafarra eta errioxarra.

Binakako txapelketa atzo heldu zen amaierara, eta ez zuen albiste onik ekarri Berasaluze II.arentzat. Hasieran 4-3 irabazten egon baziren ere, neurketa osorik dominatu zuten aurkariek, eta 22rantzako bidea ia geratu barik burutu zuten. Atzean egon zen partiduko giltza; Untoria Zubieta baino gehiago izan zen, eta horrek erraztasun handia eman zion Bengoetxearen jokoari. Gainera, jokaldiak ondo amaitzeaz aparte, defentsan ere bikain ibili zen leitzarra. Berasaluze ez zen ezkutatu, baina oso zaila egiten zitzaion tantuak sartzea. 14-6eko markagailua zegoela, nahiko argi zegoen nork jantziko zuen txapela.

Urte bi pasatu dira Berasaluzek Binakako finalean akilesen tendoia apurtu eta neurketa bertan behera utzi behar izan zuenetik. Maila itzelean zegoen berriztarra, eta lesio horrek txapela janztea eragotzi zion. Atzoko finalaren ostean, duela urte biko oroitzapenak etorri zitzaizkiola adierazi zuen, eta beldur apur bategaz jokatu zuela ondorioz. Hurrengo txapelketara itxaron beharko du, txapela janzteko ametsa betetzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!