Folk eta rock alternatiboko bost kontzertu izango dira Tren Geltokiko Musikariak zikloan

Anboto 2015ko api. 24a, 10:22

Apiril amaierarako eta maiatzerako bost kontzertu dakartza Berrizera Tren Geltokiko Musikariak zikloak; Rock eta folk alternatiboa eskaintzen dituzten taldeak ezagutzeko aukera, hain zuzen. Euskal Herriko Amorante, Kherau eta The Owl Project taldeekin batera, Kanarietako Bel Bee Bee eta Madrilgo The Big Bench taldeen proposamenak ezagutu ahal izango ditu entzuleak.

Kultur etxean izango dira zikloko lau emanaldi, eta 5 euro balioko dute sarrerek. Doako sarrera edukiko du, aldiz, maiatzaren 16an, Andikoako baselizan izango den emanaldiak. Kherau boskote bilbotarrak eskainiko du kontzertu hori.

19 urteko Belén Álvarez kanariarra da Bel Bee Bee, eta bandak lagunduta ariko da bihar, Berrizen: ondoan izango ditu Adex Alonso, teklatuetan, eta Gabi Gonzalez, baterian. Hirukote horrek zabalduko du Berrizko Tren Geltokiko Musikariak zikloa. Hala ere, eskaintza musikal bikoitza da asteburukoa, lehenago ere Berrizen jotakoa den Madrilgo The Big Bench-ek ere joko duelako, baina, oraingoan, talde formatuan. Rest of the soul diskoa aurkeztera dator taldea.

Maiatzaren 8an, ostera, Amorante izeneko bakarkako proiektua aurkeztuko du Iban Urizar elgoibartarrak Berrizko zikloan. Aukhera bigarren diskoko kantak joko ditu, 16an, Bilboko Kherau taldeak. Eta rock alternatiboa egiten duen The Owl Project Markiñako taldeak itxiko du, maiatzaren 22an, musika zikloa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!