Eskolarako irisgarritasun proiektua onartu dute aho batez

Anboto 2015ko api. 24a, 09:56

Igogailua eta arrapala bi jarriko dituzte eskolan, eta jantokira joateko eskailerei aterpea jarriko diete.

Igogailua eta arrapala bi jarriko dituzte Learreta-Markina eskolan, irisgarritasuna hobetzeko. Azken osoko bilkuran onartu zuten proiektua aho batez, eta, guztira, 245.595 euro beharko dituzte obrak burutzeko. Behar horietaz gainera, eskolatik jantokira joateko eskaileretan estalkia ipiniko dute. Aterpearen ideia aurrekontuak prestatzeko batzarretan irten zen proiektuetako bat da. Hasierako ideia horri irisgarritasun arloko beste obra batzuk gehitzea erabaki dute udal arduradunek.Lanetarako Bizkaiko Foru Aldundiak diruz laguntzea eta kostuaren %60 estaltzea espero dute.
Pilotalekuko itoginak
Berrizko pilotalekuan itogin ugari daude, eta, euria egiten duenean sortzen diren arazoei aurre egiteko, estaldura berria jartzea onartu dute osoko bilkuran. Teilatuak 100.000 euroko aurrekontua izango du, eta Aldundiak proiektuaren %80 diruz laguntzea espero dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!