Ainhoa Vitoria: "Euskaldunok ere gustuko dugu nazioarteko musika entzutea"

Anboto 2015ko api. 19a, 10:00

Ainhoa Vitoria, Gaztea Irratiko esataria, Arrasatekoa da, baina Berrizen bizi da duela urte batzuetatik. Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako kanpusean egin zituen Ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasketak.

Zein da zure asteko ordutegia?
Astelehenetik barikura izaten da Dida. Programa 07:00etatik 10:00etara izaten da, baina 06:30ean estudioan egon behar dut, eta Berrizera 16:00 aldera heltzen naiz.

Zertan datza ‘Dida’?
Dida saioan denetarik egiten dugu, informazioa ematen dugu, umorea eskaintzen dugu, eta baita beste hainbat gauza ere. Gai guztiak jorratzen ditugu: moda, kirola, musika zein teknologia. Azken finean, magazin bat da.

Gaztea Irratiko esataria zara. Zelan sartu zinen Gaztea Irratian?
Hautaproba bati esker sartu nintzen. Unibertsitateko laugarren mailan nengoen, eta Gazteak hautaproba bat zabaldu zuela esan ziguten. Audio bat bidali behar genuen, eta bertan kantu batzuk aurkeztu behar genituen, eta nik, probatzearren, bidali egin nuen. Ez nuen espero hautaprobaren bigarren atalera igarotzerik, baina igarotzea lortu nuen. Bigarren proba horretan test antzeko bat egin ziguten musikaren inguruko galderekin, eta horrela hartu ninduten.

Arrasatekoa izanik, irratiaz gainera, Goiena herri komunikabidean ere iritzi artikuluak idazten dituzu.
Bai, idazten ditut, baina urtean behin. Lehen, telebistaren inguruko zutabe batean idazten nuen sarritan, baina utzi egin nuen, eta orain urtean behin idazten dut.

Egunero pertsona askok entzuten zaituzte irratian, famatua zarela esan daiteke. Kalean zabiltzanean jendeak ezagutzen zaitu?
Ez, normalean ez. Noiz edo noiz baten bat gerturatu izan zait, baina ez da normalena. Geratzen nauten gehienetan herrian izaten da, horregatik nahiko lasai ibiltzen naiz kaletik, arazo barik.

Jende askok dio Gaztea Irratiak ez duela bertako musika bultzatzen.
Hori ez da egia. Gaztean entzuten dira euskal talderik garrantzitsuenak, eta, horretaz gainera, oraintxe bertan maketa lehiaketagaz gabiltza. Bertatik irten dira Euskal Herriko talderik onenak. Beste arlo batzuetan agian esan daiteke, adibidez, faltan botatzen direla estilo batzuk. Duela gutxi esan digute hip hop gutxi entzuten dela Gaztean, eta hori egia da.

Nahikoa bultzatzen dela uste duzu? Edo gehiago egin daiteke?
Argi dago beti egin daitekeela gehiago. Kontuan izan behar da Gaztea batez ere Europara begira dagoen irrati bat dela, nazioartera begira. Izan ere, euskaldunoi ere gustatzen zaigu nazioarteko musika entzutea. Guztiari eman behar zaio garrantzia, eta argi dago inoiz ez garela konforme egongo, baina nik uste dut harro egoteko moduko lana egiten dugula Gaztean.

Gazteak 25 urte bete ditu. Asko aldatu da hasierako urteetatik gaur arte? Zer edo zer kontatuko zizuten.
Ez dakit zelakoa zen duela 25 urte, baina kontatu didatenagatik ez dauka zerikusirik. Uste dut lehen ez zeukatela ordenagailurik ere, idazteko makinekin idazten zuten, eta biniloak erabiliz jartzen omen zuten musika. Horrek guztiak esan nahi du lana askoz gogorragoa zela garai haietan, bai musika jartzeko orduan, bai informazioa bilatzeko orduan; hau da, lan mekanikoa nahiko erraztu dela esan daiteke. Gainera, lehen programa gutxiago zeuden, musika entzuteko irrati bat zen, eta gaur egun albisteak ere entzun daitezke.

Jende askoren iratzargailua da Gaztea Irratia. Zein da Ainhoa Vitoriaren iratzargailua?
Ainhoa Vitoriaren iratzargailua alarma da. Oso goiz irteten naiz etxetik, eta oraindik irratian ez da gauza askorik egoten; horregatik, grabatutako irrati programak entzuten ditut goizetan. Esnatzen naizen momentuan ez dut irratirik entzuten, ez naiz irratiagaz esnatzen, alarma narras bategaz baizik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!