Ordenantza onartuta, herri ortuak maiatzerako erabilgarri izatea espero dute

Anboto 2015ko api. 16a, 12:00
Herri ortuak hartuko dituen lursaila atontzen dihardute, gaur.

Aho batez onartu zuen udalbatzak, atzo, herri ortuen erabilera arautuko duen ordenantza. Besteak beste, 50 metro koadroko lursailen erabiltzaile izateko baldintzak zehazten ditu araudi horrek. Ortuak maiatzerako erabilgarri izatea espero dutela esan zuen alkateak.

Atzo onarturiko odenantza publikatu ostean, hamabost egun barru espero dute ortu bat gura dutenek izena eman dezaten epea zabaltzea, eta esleipenak egitea.

Ordenantzak zehazten duenez, adin nagusiak izan beharko dira erabiltzaileak, Berrizen, gutxienez duela hiru urtetik erroldatuta daudenak, eta lan horietarako gaitasuna dutela dioen medikuaren ziurtagiria daukatenak. Hainbat gizarte talderi lehentasuna ematen die, bestalde, ordenantzak, ortu baten esleipena jasotzeko; langabetuentzat gorde dituzte 12 sail, eta beste 12 jubilatuentzat, esaterako. Esleipenak egiterakoan, erabiltzaileen %30 emakumezkoak izan beharko direla ere zehaztu dute ordenantzan.

Nekazaritza ekologikoan oinarrituz

Herri ortu horiek lantzeko modua ekologikoa izango dela azpimarratu du Orland Isoird alkateak, eta astean birritan gutxienez (oraindik zehaztu barik dago zer ordutegitan) begirale bat egongo dela bertan erabiltzaileak lagundu eta gidatzen. Izan ere, alkateak azpimarratu duenez, "erabiltzaile guztiek, material berdinarekin landu beharko dute lurra, harmonian jardutea da ideia". "Adin guztietako jendea etorri da proiektuaz galdetzera", azpimarratu du alkateak, "eta uste dugu herri ortuena aukera ederra izango dela, baita, belaunaldien arteko harremana lantzeko ere".

Denera, 45 partzela atonduko dituzte, momentuz, 55.000 euroko aurrekontuagaz. Aldagelak eta erremintak gordetzeko lekua ere egokituko dituzte, datozen asteetan, eta prest dago ortuak ureztatzeko erabiliko duten euri ura gordetzeko 7.500 litroko biltegia. Alkateak esan duenez, etorkizunean beharrizana balego beste 15 partzela prestatzeko ere aukera legoke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!