Apirilerako prestatu gura ditu herri ortuak Berrizko Udalak

Anboto 2015ko mar. 12a, 16:45
Berrizko herri ortuak kanposantu alboko lursail baten atonduko dituzte.

Laster hasiko dira Berrizen herri ortuetako lursailak atontzen eta bertako azpiegiturak prestatzen. Hasteko, 45 partzela prestatuko dituzte hilerri ondoko lursailetan, herritarrek nekazaritza ekologikoan jarduteko.


Lursailak mugatzeaz gainera, gauzak gordetzeko eta erabiltzaileak aldatzeko etxola eraikiko dute, eta urak hartzeko biltegia ere bai. Izan ere, euri urak erabiliko dituzte ortuetan, eta ur hori gordetzeko 7.500 litroko biltegia jartzekotan dira lur azpian. Obrak laster hasiko dituztela azaldu du Orland Isoird alkateak, eta apirilean eskariak egiteko baldintzak onartzeko asmoa dutela aurreratu du.

Soberakina: 964.000 euro
Eguazteneko osoko bilkuran 2014ko aurrekontuen kitapena onartu zuten. Guztira, 964.000 euroko soberakina dauka Berrizko Udalak; 353.000 euro iaz amaitu bako jardunei dagokie. Soberakin horretatik 500.000 euro zer proiektutara bideratuko duten adostu dute. Herri ortuena da egitasmoetako bat, 56.000 euroko aurrekontuagaz. Gainera, probalekuko zorua konpontzeko, Sarriako bidean abiadura murrizteko moldaketak egiteko eta Andikoan zabua jartzeko asmoa du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!