19. Korrika

Beinke euskara taldea aurkeztuko dute sagardotegian, hilaren 21ean

Anboto 2015ko mar. 12a, 11:51

Korrikaren inguruko ekintzen artean, martxoaren 21ean sagardotegira joateko irteera antolatu du Beinke euskara talde sortu berriak. Euskararen erabileran eragin guran, iazko urte amaieran hasi zen taldea batzen, eta sagardotegikoa izango da antolatzen duen lehen ekintza. Taldeko kideek irteera aprobetxatu gura dute berriztarrei taldea aurkezteko eta parte hartzeko gonbidapena egiteko.


Martxoaren 21ean, 09:30ean irtengo dira Astigarragarantz. Egun horretan, 11:00 aldera pasatuko da Korrika Astigarragatik, eta bertan parte hartzeko aprobetxatuko dute sagardotegiko bisita. Eguna han pasatu ostean, 21:00etan hartuko dute autobusa Berrizera bueltatzeko.

Irteerara joateko, astelehenera arte eman daiteke izena Fondan eta Ama-Lurren. Autobusa eta bazkaria ordaintzeko 40 euro jarri beharko dira, eta izena emateko unean, 20 euro aurreratzeko eskatu dute Beinkeko kideek.

Korrikaren harira, egitaraua
Korrikaren inguruan, hainbat ekintza antolatu dituzte Berrizen. Datorren eguaztenean, martxoak 18, Korrika dela-eta sortutako dokumentala emango dute Kultur Etxean, 19:30ean.

Korrika hilaren 23an pasatuko da Berriztik, 15:15ean. Arineketan egin eta gero, jai giroan ibiliko dira 16:30etik aurrera: Pagotxa taldeak umeen jolasak antolatu ditu, eta Erromeria.com taldearen emanaldia izango da, udalak antolatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!