"Taldearen batasuna eta errespetua dira benetan garrantzitsuenak"

Anboto 2015ko mar. 7a, 10:00
Gorka Herbella eta Vicente Refoyo.

Hirugarren Mailara igotzeko aukera du Presion Break taldeak aurtengo denboraldian. Gorka Herbella eta Vicente Refoyo taldeko sortzaileetarikoak dira. Lagun eta familian sortutako taldeak ibilbide luzea egin du.

Noiztik jokatzen duzue areto futbolean?
Vicente Refoyo: Txikia nintzenean, herriko taldean hasi nintzen. Gero Eibarrera eta Ermura pasatu nintzen, afizionatu mailan jokatzera, talde hau [Presion Break] sortu genuen arte, orain dela zortzi bat urte. Ordutik hona areto futbolean nabil.
Gorka Herbella: Ni ere hemen hasi nintzen, Berrizeko futbol taldean. Baina 19 urtegaz Durangoko Kulturalak fitxatu ninduen, eta ordutik hona hainbat taldetan bueltaka ibili naiz: Gernikan, Barakaldon… Gero, Berrizera bueltatu nintzen, eta bertan futbola utzi egin nuen. Baina, bizitza osoan jokatzen ibili bazara, ez da hain erraza uztea. Beraz, lagun batzuk areto futbolean jokatzen hasi ginen denbora pasatzeko asmoz, eta gaur arte jarraitu dugu.

Zergatik Presion Break izena?
G.H.: Telebistako serie hori modan zegoen taldea sortu genuenean, eta protagonistak bi anaia ziren. Guk, kasualitatez, hiru anaia bikote genituen taldean, eta horregatik jarri genion izen hori. Hasieran barre egiten ziguten izenagatik, baina gero kantxan errespetua irabazi dugu.

Lagunen artean sortutako taldea izanda, egin duen bidea oso luzea da.
V.R.: Bai, luzea eta polita. Lagun kuadrilla bat izaten jarraitzen dugu, eta hori da taldearen oinarria: oso giro ona daukagu guztion artean. Batzuetan, normala den moduan, istiluren bat edo beste izaten dugu, baina txikikeriak dira. Irabazi zein galdu, taldearen batasunak eta errespetuak dute garrantzia.
G.H.: Horrela da. Hasi ginen haietatik bost jokalari geratzen gara; jende gehiago sartu da taldean. Baina sartzen direnekin argi dugu zein izan behar den jarrera. Taldean ez ditugu onartzen bertako giro ona apurtu, eta errespetua galtzen diguten jokalariak.

Hirugarren Mailara igotzeko indarrekin ikusten duzue taldea?
G.H.: Gogoa eta indarra ez zaizkigu inoiz falta. Hala ere, ekonomikoki garestia den gauza bat da. Federazioak traba asko jartzen dizkigu. Kategoria jakin batzuetan jokatzeko hainbat baldintza bete behar ditugu. Azken finean, eragozpenak dira bata bestearen atzetik. Titulua duen entrenatzaile bat edukitzea eskatzen digute, jokalari batek ezin du taldea entrenatu. Horretaz gainera, taldea mantendu behar duzu: arbitrajeak, materiala... Udalak laguntzen digu, baina ez du denerako ematen. Iaz ere mailaz igo genuen, eta aurten guztia %50 gehiago ordaintzen dugu.
V.R.: Federazioak, azken finean, dirua jartzen duten klubak nahi ditu. Gure kasuan, lagun talde bat izanda, ez da horren erraza.

Nondik ateratzen duzue dirua, orduan?
G.H.: Hainbat urtetan guk jarri behar izan dugu dirua, batzuetan 50 euro, beste batzuetan 100. Pare bat urtez, txosna bat ere antolatu genuen dirua biltzeko. Beste behin, areto futboleko maratoia antolatu genuen Berrizen bertan. Gabonetan zozketa bat antolatu genuen, jendeak kupoiak erosi, eta bertatik dirua lortzeko asmoz.
V.R.: Hasi ginenean, herriko taberna eta dendetan eskatzen genuen laguntza, baina, gaur egun, egoera dagoen moduan egonda, normalena ezezkoa jasotzea da.

Presion Break ALigako talderik beteranoenetarikoa da zuena, ezta? Zuen adineko jokalariz osatutako talde gutxi egongo da...
V.R.: Badaude batzuk. Durangoko Txopi ni baino urtebete zaharragoa da. Nik baino kategoria hobeetan jokatu du orain arte, baina hortxe jarraitzen du.
G.H.: Egia esan, gutxiengoak gara. Hainbat taldetan dago baten bat zaharragoa dena, baina gure adinagaz jokatzen jarraitzea zaila da. Ez da maila fisikoa bakarrik. Familia bat daukazu, eta horri ere denbora eskaini behar diozu. Zenbat aldiz entzun behar izan dudan emaztearen errieta, uzteko eta uzteko esanez.

Askotan lesionatzen al zarete?
V.R.: Liga hau fisikoki gogorra da, baina lesioen kontua antzekoa da 30 urtegaz edo 40 urtegaz.
G.H.: Adibidez, 25 urte nituenetik lesioekin borrokan ibili naiz, urtean pare bat aldiz lesionatzen naiz gutxienez. Bakoitzaren gorputzaren araberako kontua dela uste dut.

Sendatzean, ordea, igarriko duzue aldaketa. Ez zarete gaztetan bezala sendatuko.
V.R.: Hori horrela da. Orain ez gara lehen bezala sendatzen. Hala ere, nik zortea izan dut, eta ia inoiz ez dut lesioekin arazorik eduki. Baina, bai; orain lehen baino denbora gehiago behar duzu sendatzeko, eta, beharbada, ez zara guztiz sendatzen.

Noiz arte jarraituko duzue areto futbolean jokatzen?
G.H.: Nik, printzipioz, urtebete gehiago. Nire asmoa hori da. Baina beti gauza bera gertatzen da: urte hori egin, eta gehiago nahi duzu. “Beharbada, beste urtetxo bat luzatuko dut”, esaten diozu zeure buruari. Baina, lehen esan bezala, familia bat ere badut, bi seme ditut, eta haiekin egoteko denbora kentzen dit futbolak.
V.R.: Taldetik bota arte, edo gaizki nabilela eta taldeari laguntzeko gai ez naizela ikusten dudan arte. Nik 11 urteko seme bat dut, eta beti esan izan dut gauza bera txantxetan: talde berean jokatuko dugu biok. Seguru aski ez da horrela izango, baina, gorputzak aguantatzen duen bitartean, nik jokatzen jarraituko dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!