Ebakuntza egingo diote Ibai Zabalari esku-ahurreko kiste bat kentzeko

Anboto 2015ko ots. 24a, 09:00

Martxoaren 5ean izango da ebakuntza, eta gutxienez bi hilabete egon beharko du eskua errekuperatzeko.

Orain arte eskuin eskua izan da Ibai Zabala zigortu duena, hiru ebakuntza jasan behar izan baititu esku horretan. Oraingoan, hala ere, ezker eskuan egingo diote ebakuntza. Kiste bat dauka esku-ahurrean eta soluzio bakarra operatzea da.

Abenduan hasi zen hatzetan mina sentitzen, partiduak jolastu ostean handitu egiten zitzaion esku guztia. Erresonantzia egitea erabaki zuen azkenean. "Azken partiduetan mina jasanezina zen eta erresonantzia bat egitea erabaki nuen", dio Zabalak. Proba horrek erakutsi zuen hatzetan sentitzen zuen mina esku-ahurreko kiste horren erruz zela.

Ebakuntza martxoaren 5ean egingo diote. Dena ondo badoa, bi hilabeteren ostean berriz ere frontoian ikusiko dugu berriztarra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!