Aitor Monje 'Mudoh' berriztarraren doinu elektroniko eta irudiak, zapatuan kultur etxean

Anboto 2015ko ots. 19a, 11:40

Sevillako I Am Dive taldearen aurretik joko du Aitor Monjek, zapatuan, 20:00etan. Lehenengo aldiz ariko da Aitor Monje Mudoh bere herriko kultur etxean. Berak sortutako musika elektronikoa eskainiko du. Ez da ohiko kontzertua izango, eta Monjek uste du emanaldira hurreratzen denak sorpresa hartuko duela.

Musika maite duenak eskertzen du honelako aukera bat. Monjek azpimarratu du, “aurreiritzi barik joanez gero, hainbat talde ezagutzeko aukera ematen duela Berrizko Kultur Etxearen eskaintzak”. Monjek berak Zenbaki diskoa aurkeztuko du. Musika eta irudiak uztartuko ditu. Ordu erdi inguruko emanaldia eskainiko du, Sevillako I Am Dive taldearen aurretik.

Orain lau urte inguru sortu zuen Zenbakiak diskoan, “zenbakiei omenaldi bat” egin zien Mudoh musikariak. Ariketa gisa proposatu zion bere buruari, kantei 1etik 10era arteko zenbakien izenburua ematea, eta kanta bakoitzari bere izenburuagaz loturiko iraupena ematea.  

Musikagaz entzuleak zerbait sentitzea da Aitor Monjek gura duena; berak sorturiko soinu-
paisaian barneratu dadila entzulea, eta sentsazioak bere azalean bizi ditzala: “Sorkuntzaren atzean beti dago sentsazio bat, eta hori sorrarazi gura dut entzulearengan: izan hotza, izan beldurra, izan berotasuna...”.

Yakuzi taldean, ostera, gitarrista da Aitor Monje, eta musika elektronikoak bezala, gitarrak ere jarraitzen du bere bizitzan presente egoten: “Momentuz, arpegioak eta akordeak jotzeko bakarrik dakit gitarra erabiltzen; hau da, gitarragaz disko bat egiten badut, ordena logiko eta erritmiko bat emango diot ia nahi gabe. Elektronikan, aldiz, hasieratik sartu naizenez beste mundu batean, errazago apurtzen ditut egiturak”.

Aitor Monjek kontatu duenez, Pink Floyd entzuteagaz batera hasi zen, 1980ko hamarkadan, musika elektronikorantz gerturatzen. Eta, gutxinaka-gutxinaka, sintetizadoreak eta giro-musika ezagutzen hasi zen. Brian Eno, Pan Sonic taldea eta, Euskal Herriko kasuan, Amsia aipatzen ditu Mudoh musikariak musika elektronikoaren arloan erreferentziatzat.

1990eko hamarkadan hasi zen musika elektronikoaren arloan bere sorkuntza garatzen. Probak egiten. Ordutik hona, software-agaz eta mugikorragaz grabaturiko eguneroko bizitzako soinuak baliatzen ditu, besteak beste, kantak sortzeko.

Bilbon bizi da Monje, eta musika elektronikoarekiko zaletasuna partekatzen duen jendea dauka inguruan. Azaldu duenez, orain hurrengo diskoan dabil lanean. Antzezlan baterako musika sortu du, eta musika hori diskoan jaso gura du.  

Bestalde, Yakuzi taldearen proiektuari buruz galdetuta, taldea etenaldi batean dagoela azaldu du berriztarrak: “Denbora faltagatik, une honetan ez gara gai astean behin elkartzeko, baina espero dugu egunen batean berriro ere taldekideon agendak uztartu ahal izatea; izan ere, elkarrekin jotzeko grina hor dago”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!