Txakurrak solte eroateko ibilbideak zehaztu ditu Berrizko Udalak

Anboto 2015ko ots. 18a, 13:32
Kanposanturako bidean txakurrak solte eroan ahalko dira 21:00etatik 09:00etara

Berrizko hiru berdegune txakurrak libre ibiltzeko aisialdi eremu izendatu ditu udalak: Matzagabarrenan, ur depostiuaren ondoan eta udal ortuak ipiniko dituzten lursailaren ondoan egongo dira. Txakurrak solte ibiltzeko hiru ibilbide ere zehaztu dituzte, ordutegiekin. Horrez gain, gorotzak batzeko kanpaina hasi dute, 'Ez nazazu bertan behara utzi' leloagaz.

Berrizen 700 txakur inguru daude udalean erroldatuta. Txakurren eta pertsonen elkarbizitzan egon daitezkeen arazoak saihesteko, araudia lantzen ibili dira udal arduradunak urte betez, eta asteon eman dute erabakien berri. Orland Isoird alkateak azaldu duenez, gai biri erantzuteko premia ikusi dute: Txakurrek solte daudenean sortzen dituzten arazoak eta kalean geratzen diren txakur-kakak.

Txakurrak solte ibiltzeko, hiru ibilbide eta aisialdirako beste hiru gune zehaztu dituzte. Ibilbideak honako hauek izango dira: ur-depositutik Matzagarako bidea, Eliza-ostetik kanposanturako bidea, eta kanposantutik udal ortuak atonduko dituzten ingurura dagoen bidea. Azken ibilbide horretan, ordutegi muga barik ibili ahalko dira txakurrak solte. Lehen bi ibilbideetarako, ostera, ordutegiak ipini dituzte. Matzaga inguruan, udako ordutegia 20:00etatik 09:00etara izango da, eta negukoa, 19:00etatik 09:00etarakoa. Hilerriko ibilbidean, berriz, 21:00etatik 09:00etara ibili ahalko dira txakurrak solte.

Ibilbideez gain, landa batzuk zehaztu dituzte txakurrak solte ibiltzeko: Udal ortuen lursailaren alboan, Matzagabarrenan, eta ur-depositoaren ondoan daude landa horiek. Aisialdi eremu horiek seinaleztatuta daude.

Herriko beste gune guztietan txakurrak lotuta eroan behar direla gorarazi du Berrizko alkateak: “Landaguneetan ere lotuta egon behar dira. Arrisku gutxiago dagoela pentsatu dezake jendeak, baina inoiz gertatu da txakurra landa batera sartu eta ardiak hiltzea”.

Gorotzak batzeko kanpaina
Txakur-kakak batzeko kanpaina ere abiatu du udalak. Zorroak banatuko dituzte, txakurraren kartila udaletxera eroaten duten jabeei. Txakurrak libre uzteko guneen ondoan, gainera, zakarrontzi bereziak ipini dituzte, gorotzak bertara botatzeko.

Etxez etxe, liburuxka bat banatzen hasi dira kanpainaren informazioagaz. Txakurrak zaintzeko gomendioak eta arau hausteek izan ditzaketen isunak batu dituzte, besteak beste. Hilabetez herri-jagole bat ibiliko da kalean, txakur-jabeei horren guztiaren informazioa ematen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!