Kontzertu asteburua Hiltegixen 16.urteurrena ospatzeko

Anboto 2015ko ots. 12a, 09:32
Azken asteotan Hiltegixen egin dituzten graffitietako bat

Gaztetxearen 16. urteurrena ospatzeko, kontzertuak izango dituzte asteburuan, Hiltegixen. Barikuan, txokolatada egingo dute 19:00etan, eta tripa bete eta gero, hiru bakarlariren musika entzuteko aukera egongo da 20:30etik aurrera. Gitarra lagun, Izaro Andres mallabitarra, Rory Kilroy (Joseba Romero) berriztarra eta Pedro Pastor madrildarra igoko dira gaztetxeko oholtzara. Barikuko kontzertuei ez diete preziorik ipini asanbladako kideek; borondatearen truke entzun ahalko dira bakarlariak.


Zapatuan, berriz, rock doinuak izango dituzte gaztetxean. Tania de Sousak eskainiko du lehenengo kontzertua taldekideekin batera, eta, horren ostean, Barakaldoko Herri Oihua taldea izango da gaztetxean. Sarrerak bost euro balioko du, eta 23:00 aldera hasiko dira kontzertuak.

Jaiak amaitu zirenetik Hiltegixe barrutik margotzen ibili dira asanbladako kideak, gaztetxearen sorreran parte hartu zuten lagunen eta grafitilarien laguntzagaz. Beraz, itxura berria estreinatuko du gaztetxeak bere urteurrenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!