Felix Larrañaga, eskultorea: "Gustuko dudan lan bat saltzean, negar malkoak ateratzen zaizkit"

Anboto 2015ko urt. 17a, 10:00

Felix Larrañagak, egurra zizelkatzen duen eskultore berriztarrak, 28 urte daramatza eskultore lanetan, eta 1987az geroztik azokaz azoka ibiltzen da. Domekan, artisau azokan parte hartuko du Berrizen.


Noiz hasi zinen egurra lantzen?
Duela 28 urte hasi nintzen. Baina, hasi eta zazpi urtera, istripu baten ondorioz utzi behar izan nuen, eta orain dela zortzi urte inguru ekin nion berriz egurra zizelkatzeari.

Urte luzez herririk herri ibili ondoren, baduzu herri edo azoka kutunen bat?
Nafarroa aldekoak ditut gustukoen; Baztandarren Biltzarra eta Berako Lurraren Eguna, adibidez. Baina, Nafarroakoez gainera, hemengo inguruko batzuk ere gustuko ditut: Gernikako azoka, Markiñakoa eta Lekeitiokoa. Azoka txikiak ere asko gustatzen zaizkit, Mendatakoa eta Fruizkoa, adibidez; politenak, beharbada, horiek izaten dira.

Oroitzen duzu noiz eta non eraman zenuen, lehenengoz, lan bat plazara?
Lehenengo aldiz 1987ko Elorrioko Ferixa Nausiko jaietara eraman nuen .

Daukazun lanerako egurra ezinbestekoa da. Egurra erosi egiten duzu?
Bai, gehienetan erosi egiten dut. Beste batzuetan, ordea, ezagunen baten etxean intxaurrondoren bat erortzen bada, enborra ekarri egiten didate.

Zure lanak saldu egiten dituzu, hasi zinenean ere salmentarako egiten zenituen, ala zaletasun moduan besterik ez?
Lehenengo zaletasun moduan hasi nintzen. Momentu hartan lanean nenbilen, elektrikaria nintzen, baina haserretu egin nintzen, eta lana bertan behera uzteko erabakia hartu nuen. Orduan hasi nintzen egur taillak saltzen, bertatik bizitzeko asmoz eta esperantzaz.

Lanak enkarguz egiten dituzu?
Bai, niregana etorri eta eskatuz gero, egiten ditut.

Zer motatako enkarguak egiten dituzu?
Oraintxe bertan sehaska bat egiten nabil. Zutik jartzekoak diren erlojuak eta kutxak egiten ditut, esaterako, eta beste gauza arraro batzuk ere egin izan ditut. Sorkuntza lanaz gainera, egur tailla zaharrak zaharberritu ere egiten ditut.

Zer da zizelkatzeko eskatu dizuten gauzarik arraroena?
Eskatu didaten gauzarik arraroena sorgin bat egitea izan da. Sorginak benetako tamaina izan behar zuen, eta, hori gutxi ez, eta artikulatua  izan zedila ere eskatu zidaten, eskuak eta adarrak mugitu zitzala nahi zuten. Utzi egin behar izan nuen, oso zail egin zitzaidalako. Badut beste gauza arraro bat ere egiteko. Sarrera bat egiteko eskatu didate, nahiko egur arraroagaz, gainera.

Urte hauetan guztietan, hainbat eta hainbat egur landu ostean, badaukazu benetan gustuko duzun taillaren bat?
Bat ez, asko ditut gustuko; sarritan tailla batzuk saltzeak pena ematen dit. Bezeroak zein nahi duen esaten didanean, negar malkoak ere irteten zaizkit. Gustuko asko ditut, badut erloju modelo bat asko gustatzen zaidana, eta zazpi-zortzi urte daramatzana nigaz, azokaz azoka. Askotan kapritxoak izaten dira; egin, eta azokara eramanten dituzunak erakustera. Askotan kapritxo horiek ere saldu egiten ditut.
 
Ordu asko beharko dira horrelako lanak egiteko. Zenbat ordu ematen dituzu lanean egunero?
Ordu eta egun asko behar dira, bai. Egunean zortzi eta hamar ordu bitarte egiten ditut nire lantegian.

Urteak pasa arren, zuk egurra lantzen jarraitzen duzu; ez duzu zeregin hau uzteko asmorik?
Orain jubilazioak ez daude momenturik onenean. Momentuz ez dut uzteko asmorik, osasun aldetik gorabeherarik ez badago, ez. Eskuetako tendoiak nahiko minduta dauzkat, baina, osasunak errespetatzen nauen bitartean, jarraitzea daukat buruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!