Berrizko udaleko langileen % 75ek betetzen dituzte hizkuntza eskakizunak

Anboto 2015ko urt. 15a, 13:04
"Euskaraz nahiago": Udalak herrian euskararen erabilera bultzatzeko sortu duen kanpaina.

Berrizko Udaleko kanpo-harremanetan ahozko eta idatzizko 100 komunikatutik 85 euskaraz edo bi hizkuntzetan izaten dira. Hori dio udaleko euskararen erabilera neurtu duen diagnosiak. Eusko Jaurlaritzak jartzen dituen irizpideen arabera, Berrizen, gutxienez, udaleko langileen %63,87k bete behar dute hizkuntza eskakizuna, eta derrigortasun indize hori beteta dago gaur egun; beharginen %75ek dute hizkuntza eskakizuna. Euskararen Erabilera Plana berritu du Berrizko Udalak, eta planaren barruan dago gaur egungo egoeraren diagnostikoa.


Alderdi guztien aldeko botoa izan du planak, eta 2017ra arte landu beharreko alorrak zehaztu dituzte testuan.
Herritarrenganako zerbitzua euskaraz eskaintzeaz gainera, euskara lan-hizkuntza izatea da planaren helburu nagusietako bat. Hori lortzeko, trebakuntzarako eta motibaziorako tailerrak aurreikusi dituzte. Politikarientzat ere horrelako saioak egitea komeni dela azaldu du Orland Isoird alkateak. Isoirden berbetan, hizkuntza irizpideei dagokienez, hobetzeko alorretako bat enpresak kontratatzeko bete beharreko irizpideena da: “Batzuetan zailtasunak egoten dira euskaldunak lehenesteko”.

Eztabaida osoko bilkuran

Alderdi politiko guztiek planari babesa eman arren, osoko bilkuran eztabaida sortu da Fran del Pino zinegotzi sozialistak bere zalantzak agertu eta gero. Del Pinok euskarari lehentasuna ematea zer den galdetu du: "Informazioetan gazteleraz laburpenak egitea eta informazio gutxiago jartzea esan gura du?". Horrez gainera, seinaleztapenetan bi hizkuntzak agertzea aldarrikatu du: "Ez dakit zer beldur dagoen bi hizkuntzak agertzeko. Jende asko galdu egiten da udaletxe barruan bulegoak topatzeko".

Alor eta ekitaldi batzutan euskarari lehentasuna eman behar zaiola erantzun diote Orland Isoird alkateak eta Xabi Zaldua Bilduko zinegotziak. Zalduaren berbetan, "Gaur egun errazagoa da Berrizen erdaraz bizitzea euskaraz bizitzea baino". Zinegotzi sozialistak ez du horrela ikusten: "Beste herri batzutan bai, baina Berrizen egoera ez da horrelakoa". Berrizko alkateak adibidea ekarri du osoko bilkurara: "Berrizen ezin ditugu erosketak euskara hutsean egin". Zalduak eta Isoirdek nabarmendu dutenez, herrian euskaraz bizitzeko gero eta aukera gehiago sortzea izan behar da udalaren eginkizuna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!