Olakuetako jaietan, Kubako giroa sortuko dute Hiltegixe gaztetxean

Anboto 2015ko urt. 13a, 10:02
Distorsion taldeak kontzertua eskainiko du barikuan, Revolta Permanentekin batera. Argazkia: Dera Flows.

Astebururako, bertso bazkaria, kontzertuak eta afariak antolatu ditu Hiltegiko gazte asanbladak. Zapatuan kubatarrez mozorrotzeko deia egin dute, eta bazkarirako txartelak salgai daude Fonda tabernan eta estankoan, 7 euroren truke.

Olakuetako jaiak hasteko, barikuan kontzertuak izango dituzte Hiltegixen. Distorsion eta Revolta Permanent taldeak igoko dira gaztetxeko oholtzara, 22:30etik aurrera. Kontzertuen sarrera doakoa dela azaldu dute gazte asanbladako kideek, eta kontzertu aurretik bokadiloak emango dituzte afaritarako.

Zapatuan Kubako epeltasuna ekarriko dute Berrizko urtarrilera. Kubatar mozorrotzeko deia egin dute, eta 15:00ak aldera bertso bazkarirako elkartuko dira. Azken urteetan bezala, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita ibiliko dira bertsotan, eta  Maite Berriozabalek ipiniko ditu gaiak. Bazkal aurretik, poteoa egingo dute Olakuetako tabernetatik. Bazkalostean poteoa egingo dute herritik zehar, eta 20:30etik aurrera bokadiloak eskainiko dituzte gaztetxean, gura duenak afaltzeko. Afalostean dantza giroa egongo da musika kubatarrarekin, mojito eta guzti.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!