150.000 euro non inbertitu erabakiko dute herritarren foroetan

Anboto 2014ko aza. 19a, 10:02

Iaz egin zuten antzera, datozen asteetan parte-hartze foroak egingo dituzte Berrizen, 2015erako inbertsioen zati bat nora bideratu erabakitzeko. Bi foro egingo dituzte: lehenengoa herriguneko inbertsioei dagokiena da, eta, bigarrena auzoetako inbertsioei buruzkoa. Herritarrek lehentasuna zeri eman behar zaion eztabaidatuko dute. 150.000 euroko inbertsio partida izango dute mahai gainean; 100.000 euro herriguneko inbertsioetarako, eta 50.000 euro landagunekoetarako.


Lehen foroa, herrigunekoa, datorren astelehenean izango da, azaroaren 24an. Auzoetako inbertsioen batzarra, eguaztenean, azaroak 26, egingo dute. Berrizko Kultur Etxean egingo dituzte batzar biak, 19:30ean.
Batzarretan aurrekontu parte-hartzaileen metodologia azalduko dute, eta iazko foroetan lehenetsitako eskaeren egoerari buruz informatuko dute. Gero, herritarren inbertsiorako proposamenak jasoko dituzte.
Iaz egin zituzten lehenengoz inbertsioak erabakitzeko foroak. Iazkoan, 60.000 euroko partida landu zuten, eta 40 herritar inguruk parte hartu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!