Berrizen hiru atxilotu enpresa baten lapurtzen saiatzeagatik

Anboto 2014ko urr. 23a, 14:29

Ertzaintzak hiru lagun atxilotu zituen bart Berrizko enpresa batean materiala osteko saiakera egotzita. Patruila batek ustekabean harrapatu zituen lapurrak enpresa barruan transformadoreak manipulatzen zebiltzala.

Bart, 23:30 inguruan gertatu zen lapurreta saiakera jarduerarik ez duen Berrizko enpresa batean (Eitua auzoan). Han inguruan zebilen patruila batek hiru lagun transformadoreak manipulatzen zebiltzala ikusi zuen. Ertzaintza han zegoela ohartzean ihesari eman zioten, baina ertzainek inguruko sastraka batzuetan ezkutatuta aurkitu zituzten.

Azpiegituretako hesiak behartuta zeudela ikusi zuten ertzainek eta transformadoreak manipulatuta zeudela, eramateko prest. Gainera, lapurreta saiakeraren tokian hainbat erreminta aurkitu zituzten. Horiek horrela, ertzainek 24, 28 eta 36 urteko hiru susmagarriak atxilotu zituzten lapurreta saiakera egotzita. Hirurek aurrekari polizialak dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!