Legañon indusketa lanak egingo dituzte beste urte betez

Anboto 2014ko ira. 25a, 09:38

Udan topatutakoa baloratu eta gero, datorren urtean ere Legañoko arkeologia lanekin jarraitzeko asmoa agertu dute Berrizko udal arduradunek. Orland Isoird alkateak azaldu duenez, Román Rodríguez lanen buruagaz berba egin eta gero, Legañon beste urtebetez indusketak egiteko diru-laguntza emateko asmoa du udalak. Aurkitutakoa herritarren eskura zelan ipini pentsatzen dabiltza.


Aurten hamazazpi hilobi aurkitu dituzte Legañon, eta hilerri zaharra ekialdean non amaitzen zen ere ikusi dute. Azken bi urteotan udalaren diru-laguntza baino ez dute izan  indusketa lanak egiteko.

Informazio gunea
Nekropoliaren tamainari buruz eta hilobiratzeen gainean geroago eta informazio gehiago dago. Orain arte agertutakoari balioa eman, eta herritarren eskura zelan ipini pentsatzen dabiltzala azaldu du alkateak. Hilerriko hormak konpondu, teilatua ipini, eta gune bat atondu gura dute: “Panel informatiboen bidez-edo daukagun informazioa transmititzeko bideak ipini beharko ditugu”. Hori guztia zelan formulatu pentsatzen dabiltzala azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!