Zapatu honetan hasiko dute Kontuleku, familian euskaraz irakurtzeko ekimena

Anboto 2014ko ira. 24a, 10:26
Iazko saio bat, Berrizko liburutegian.

“Liburuen bidez umeekin euskaraz gozatzeko esparrua”, hori da Kontulekuk izan gura duena. Iaz abiatu zuten Berrizen irakurketa familiengana hurreratzeko egitasmoa, eta aurten ere antolatu dituzte saioak. Aste honetan hasita, zapatuetan, 12:15etik 13:15era, liburutegian batuko dira guraso eta ume, ipuinak elkarrekin irakurtzeko.


Guraso euskaldunek nahiz euskaldunak ez direnek parte hartu dezakete Kontulekun. Euskara Sailetik azaldu dutenez, guraso euskaldunekin saio osoa euskaraz egingo dute. Euskaldunak ez direnen kasuan, berriz, umeekin dauden tartean euskaraz egingo dute, eta gurasoekin berba egiteko zatian gaztelaniaz ibiliko dira: “Horrela, haurrek ikusiko dute, gurasoek euskararik jakin ez arren, euskarazko jarduera horretan biak batera gustura ari direla”.


Udazkeneko zapatuetan
Kontuleku zapatu honetan hasiko da, eta abenduaren 13ra arte zapaturo-zapaturo egingo dituzte saioak. Izena emateko, familia bakoitzak 10 euro ordaindu beharko du. Interesa edukiz gero, Berrizko Udaleko Euskara Sailera jo behar da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!