Geltokin eta Iturritzan oinezkoentzako hobekuntzak egingo dituzte

Anboto 2014ko ira. 22a, 12:31

Geltoki kalearen zati bat moldatuko dute oinezkoek lehentasuna edukitzeko eta trenbideko pasabidea ere aldatuko dute: orain arte egon diren bi hesiak kendu eta lau ipiniko dituzte. Oinez trenbidea pasatzeko bidea ere egokituko dute eta ezingo da bidea pasatu hesiak bajatuta badaude.

 

Berrizen erdigunean urbanizazio lanak hasiko dituzte asteon, "irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko" asmoagaz. Iturritza eta Geltoki kaleak elkartzen diren gune horretan egingo dituzte lanak.

Geltoki kalean, tren geltokitik Iturritzako bidegurutzerako tartean, lurra altxatuko dute eta altuera maila berdinean asfaltatuko dute bide zati hori, oinezkoek lehentasuna edukitzeko moduan. Orland Isoird Berrizko alkateak azaldu duenez, autoek noranzko bakarrean gidatu ahalko dute obra egin eta gero. Kale horretan dauden garajeetara sartzeko, beraz, Iturritzatik sartu barik Zengotitabengoa kaletik sartuta egin beharko da bidea. 

Trenbidean, trena datorrenerako lau hesi ipiniko dituzte, "segurtasuna hobetzeko". Orain arte, hesiak bajatuta egon arren, pasabide batetik joan ahal ziren herritarrak, eta bide hori kendu egingo dute. Errepidearen bi aldeetan oinezkoak pasatzeko lekua egokituko dute, eta hesiak behean daudenean ezingo dira pasatu. Orain pasabiderik ez dagoen aldean, gainera, espaloi bat egingo dute, eta zebra-bide bat Iturritzan gora jarraitu ahal izateko.

Iturritza kaleko zati baten, Fonda tabernatik gora hurrengo bidegurutzera arte, espaloiak zabalduko dute eta errepidea berrasfaltatu ere bai, zebra-bide garaiak ipinita. Matza-Berrizbeitia zeharkalea oinezkoentzako kale bihurtuko dute, gainera.

Lanak gaur hasi eta lau hiletan amaitzea espero dute. 238.000 euroko aurrekontua dute, eta fase honetaz gainera, Iturritza ingurua aldatzeko beste bi fase ere aurreikusi dituzte.

Terrazen distantzia legalak

Berrizko alkateak adierazi duenez, urbanizazio lanekin, "segurtasuna handitzeaz gainera, tabernetako terrazek eduki beharreko distantzia tarteak betetzea" lortuko dute. 

 

Ur hornidurak elkartu

Bidean lanak egingo dituztela aprobetxatuta, Berrizko bi ur hornidurak batuko dituzte. Murgoitiotik Ur Patzuergotik hartzen dute ura, eta Berrizko goialdean Oiztik. Trenbide azpian ur hodiak elkartuko dituzte, "horrela, Oizko ur horniduran arazoren bat badaukagu, partzuergokotik hartu ahal izateko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!