Errepublikako maisu-maistrak gogoan hartu zituzten

Anboto 2014ko ira. 12a, 10:40

Espainiako II. Errepublika garaian bestelako hezkuntza eta kultura baten alde egin zuten maisu-maistrak gogoan hartu zituzten, atzo, Irailaren 11ko ekitaldian.

Errepublika garaian eskolatik berdintasuna eta elkartasuna zabaldu gura izan zuten maisu-maistren baloreak goraipatu zituen Berriz 1936 Gogoratzen kultur elkarteak, atzoko ekitaldian. Ideal horien alde Berrizen lan egin zuten maisu-maistrak gogora ekarri zituzten elkarteko kideek euren aurkezpenean. Plazako oroimen ekitaldiaren ostean, Las maestras de la República dokumentala eskaini zuten kultur etxean.

Udalaren babesa daukan Berriz 1936 elkartearen ekimenez, altxamendu frankistaren ondorioz errepresioa pairatu zuten berriztarrak omentzen dituzte, irailaren 11n. Azken urteetan egin duten bezala, Oroimen Historikoa berrekuratzeko lanean diharduen elkarteko kideen eta Berrizko alkatearen berbaldiekin, Xabier Amurizaren bertsoekin, eta antzezlan labur batekin osatu zuten atzoko oroimen ekitaldia.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!