'La extraña pareja' komedia aurkeztuko du Txintxaun kolektiboa taldeak Berrizen

Anboto 2014ko ira. 9a, 09:05

Irailaren 12an eta 13an egingo dituzte obraren lehenengo emanaldiak. Neil Simon estatu batuarrak 1965ean idatziriko antzezlanaren interpretazio propioa dakar Txintxaun kolektiboak La extraña pareja antzezlanean. Bizitzaren gorabeherek apartamentu berean elkarrekin bizitzera bideratzen dituzten aspaldiko lagun biri buruzko istorioa da. Jack Lemmon eta Walter Matthau aktoreek egin zituzten ezagun pertsonaia bi horiek zineman, eta Aitor Arestik eta Aitor Berriok antzezten dituzte paper horiek moldaketa honetan.


Oscar eta Felix pertsonaia nagusien arteko harremana, eta astero etxean poker partidarako biltzen dituzten lagunekin duten hartu-emana dira antzezlanaren oinarria. Etxe horretan biltzen dira partida guztiak irabazten dituen despistatua, gizon fin eta dotorea, poker jokalari on eta serioa, eta aldamenean bizi diren ahizpak, besteak beste.  

Elkarrizketa bizkorreko eta muturreko komedia forman, gai unibertsalak jorratzen ditu La extraña pareja antzezlanak: bikote harreman gatazkatsuak eta bakardadea, esate baterako. Ivan Mestraitua aktorearen berbetan, “duela 40 urte bezala, hemendik ehun urtera ere gertukoak egingo zaizkigun egoerak kontatzen ditu obrak; astero pokerrera jokatzeko elkartzen den lagun talde honek bezala, guztiok ezagun ditugun arazoak eta horien soluzioak”.

Prozesu luzea
Apirilean zen Txintxaunen obra hau estreinatzekoa, baina Rosa Martínez-Alcocer zuzendaria gaixorik ipini zen, eta irailera atzeratu behar izan zuten lehenengo emanaldia. Heldu zaie unea: irailaren 12an eta 13an, 22:00etan egingo dituzte La extraña pareja obraren lehenengo bi emanaldiak, Berrizen.

“Obra erakusteko gogo itzelagaz” hasi dute ikasturtea taldekideek. Izan ere, bi urte “luze” joan dira ideiari heldu, eta obra sortzen hasi zirenetik. Baina sorkuntza prozesua hainbeste luzatu izanak ekarri du onurarik ere: Aitor Aresti aktorearen berbetan, “segurtasuna irabaztea”. Aitor Pareja kideak gehitu duenez, “aktore gisa erronka berriei erantzuteko tresnak garatzeko eta esperimentatzeko modua” eman die prozesuak. Jose

Manuel Pérez Fore aktore berriztarraren berbetan, La extraña pareja, “pertsonaiak lantzeko erari dagokionez, asko ikasteko bidea izan da, erronka handia izan da”. Izan ere, zuzendariak azaldu duenez, jatorrizko testuko pertsonaiak are muturrekoagokoak egitea izan da helburua: “Lehenago sekula egin gabe geundena egin dugu obra honetarako: pertsonaien karakterizazioa asko landu dugu”. Zuzendariarentzako zein aktoreentzako erronka izan da horrela jardutea, “ez baita erraza interpretazioa hain muturrera eramatea”.

Txintxaun taldekoek argi dute esfortzu horrek guztiak merezi izan duela. Aroa Blanco taldekide gaztearen berbetan, “askatasunean, jolasean, zabiltzalako, finean”. Aitor Berrio berriztarrak ere azpimarratu du ideia hori: “Eguneroko estresa alboratu, eta beste norbait izatera jolastea lasaigarria da”. Guztien ustez, “magikoa” da eszena bat prestatzen zabiltzala denak funtzionatzen duela sentitzea, “gozagarria pertsonaia zeurea egiten duzula ohartzea”.

Lanari azken ukituak ematen ibili da asteon, arratsaldero-arratsaldero, Txintxaun kolektiboa: Jose Manuel Pérez, Raul Pérez, Aitor Pareja, Aroa Blanco, Lurdes Sánchez, Ivan Mestraitua, Aitor Berrio eta Aitor Aresti aktoreak; Pedro Rueda musikaren arduraduna; eta Rosa Martínez-Alcocer zuzendaria. Taldean urteak daramatzaten hainbat lagunek eta Txintxaun kolektiboak eskaintzen duen tailerrean antzerkira hurreratutako lagunek dihardute La extraña pareja obran. Denek ere bistakoa dute estreinaldiari begirako ilusioa eta urduritasuna.

Harrera beroa egin zioten Berrizko ikusleek 2011. urte amaieran Txintxaun kolektiboak bertan aurkeztu zuen Full Monty antzezlanari. Irailaren 12ko eta 13ko emanaldietan ere publikoa barre egiten eta ondo pasatzen ikustea da gura dutena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!