‘Iñaki Lejarretaren Zirkuitua’ inauguratu dute Berrizen

Anboto 2014ko ira. 8a, 12:00
Orland Isoird alkatea eta Iñakiren emazte eta arreba, zirkuitua iragartzen duen panelaren ondoan

Iñaki Lejarretaren lagun eta senideek Berrizburu inguruan sortutako zirkuitu berria inauguratu zuten atzo.

 

Berrizburu inguratzen duen mendi bizikletarako zirkuitu berria Lejarretaren lagun eta senideen lanari esker sortu dute. Eguraldi kaskarrari aurre eginez, jende asko batu zuen atzo Iñaki Lejarretaren Zirkuitua izenekoaren inaugurazioak. Orlan Isoird Berrizko alkateak Lejarretak herriari emandakoa gogoratu zuen: “Irabazle sena zuen eta garaipen bikainak lortu zituen; bere osaba Marino eta aita Ismaelen moduan, Berriz herriaren izena mundu osotik eraman zuen”. Zirkuitua “Iñakik askotan egiten zituen bideak hartuz egin dute eta berak hainbeste maite zuen mendi bizikletaren praktika sustatzeko ezinhobea da”. Ondoren, zirkuituaren gaineko informazioa jasotzen duen panela bistaratu zuten Iñakiren senitartekoek.

Zirkuitu nagusiak 3,8 kilometro ditu eta 5 sektoretan banatuta dago, Berrizburun hasi eta amaitzen delarik. Zirkuitua dagoeneko probatu dutenek “tekniko eta dibertigarri” lez definitu zuten. Lehen sektoreak ‘Sigi-saga’ izena du eta bidea sarritan biratzen eta bihurritzen da suge baten itxura hartuz; bigarren sektorea, ‘Belodromoa’ izenekoa, gune azkarra eta estua da, baina 180 graduko bihurguneak ere baditu; hirugarren sektoreari ‘Txirrista’ deitu diote, hain zuzen, txirrista ugari dituelako; laugarren sektorea hasiberrientzako aproposa da; bosgarren eta azken tartea, ‘Berrizburu’ izenekoa, zirkuituko zatirik teknikoena eta geldoena da.

Zirkuitu horregaz batera 1,7 kilometro dituen beste laburrago bat ere diseinatu dute. ‘Iñaki Lejarreta Gazte Zirkuitua’  izeneko ibilbide hori hasiberriei zuzenduta dago eta mendi bizikletan espezialista ez direnentzako gomendagarria da.

Iñakiren Bideak ekimena

Asteburuan Iñaki Lejarreta gogoratzeko beste ekimen bat ere izan da: Iñakiren Bideak. Lejarretak gustuko zituen bideak elkartuz Euskal Herri mailako ibilbide bat sortu zuten iaz hainbat lagunen artean. Ondoren, ibilbide hori asteburu batean osatu zuten. Aurten ekimen horrek bigarren aldia izan du irailaren 6an eta 7an. Zapatuan Berrizburun hasi eta toki berean amaitu zuten atzo, ondoren parte hartzaileak zirkuitu berriaren inaugurazio ekitaldira batu zirelarik. Egun bitan 400 bat kilometro egin dituzte Izki, Urbasa, Bidasoa, Gipuzkoako kosta eta Oiz ingurutik. Parte hartzaileak txandakatu egin dira eta tokian tokiko txirrindulari elkarteetako kideak zein bizikleta zaleak batu zaizkie: Ondarroa, Zarautz eta Markina inguruetakoak atzo eta Gasteiz eta Nafarroakoak zapatuan.

Nekatuta, busti eta lokaztuta heldu ziren atzo Berrizburura ibilbideko azken tartea osatu zuten parte hartzaileak, baina baita gustura ere: “Oro har eguraldi ona egin du. Tokian tokiko jende asko batu da ekimenera eta hori oso polita da”, adierazi zuen Jon Sarasua ekimeneko parte hartzaileak eta Garaiko Triatloi Taldeko kideak.  

 

Iñaki Lejarreta Zirkuituko ibilbidea:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!