"Oso ondo" kontserbatutako hamasei hilobi topatu dituzte Legañon

Anboto 2014ko abu. 29a, 09:15

Abuztuagaz batera amaitu dituzte Legañon aurtengo indusketa lanak. Iaz topatutako aztarnek bidegorriaren beste aldera eroan dituzte arkeologoak, eta Erdi Aroko hilerriaren beste zati bat azaleratu dute, 100 metro karratukoa. Bertan hamasei hilobi topatu dituzte, eta hilerri zaharra ekialdean non amaitzen zen ere aurkitu dute. Arkeologoek bisita gidatua egingo dute gaur 16:00etan, bertan topatutakoaren berri emateko. Izena emateko udaletxera deitu behar da.


Lanak tapatu aurretik, indusketen lantaldea azken ukituak ematen ibili da asteon. Roman Rodrigez arkeologoa da taldeko arduraduna, eta pozik dago aurkitutakoagaz: “Kanposantua zelan sortu zuten ikusi dezakegu, nahiz eta gorpu arrastorik ez izan”. Urteotan lursaila ia ukitu barik egon denez, topatutakoa “oso ondo kontserbatuta” dagoela nabarmendu du.

Beste hilobi mota batzuk
Aurkitutako hilobiak IX. eta XII. mendeen artekoak dira, eta ez dute kutxarik; gorpuen ingurua harriz definitzen zuten, eta gorpuak tapatzeko harri handiak erabiltzen zituzten, Oiz-
tik ekarritakoak. Momoitioko eta Andikoako aztarnetan ere antzeko hilobiak topatu dituzte. Legañon, aurten, beste mota bateko hiru hilobi ere aurkitu dituzte, bi piezakoak: “Oizko harri handiaz gainera, Berrizko beste harri batzuk ere erabili zituzten gorpuak tapatzeko. Harri handia txikiegi geratzen zitzaielako izan daiteke, edo auskalo”.

Burua mendebaldera begira lurperatzen zituzten gorpuak, eta harriek buru aldean sargune bat zuten, suagaz egindako errituentzako ziurrenik: “Momoitioko hilobiek ere antzekoak dituzte, eta han ikatz arrastoak topatu zituzten”. Rodrigezek gogoratu duenez, “suak bizitzaren zentzua izan zuen kristautasunaren aurreko kulturan”.  
Berriztar bat boluntario
Aurten indusketa lanetan astebete boluntario ibiltzeko aukera eduki dute berriztarrek, eta Andikoako auzokide bat animatu egin da. “Polito ibili gara, eta uste dut azkenean berak uste baino gehiago ikasi duela; lurra atera eta ingurua garbitzeaz gainera, topatutako guztia erregistratzen dugu, eta horrenbeste ezagutzen ez den arkeologoen lana ere ezagutu du”, esan du Rodrigezek.

Hemendik aurrerakoa
Datorren urtean indusketekin jarraitu ala ez baloratuko dute orain: “Ondo pentsatu beharko dugu; kontua ez da hilobiak ateratzeagatik ateratzea”. 2011n Aldundiaren laguntzagaz hasi ziren lanak, eta 2013an eta 2014an udalak ordaindu ditu. Lanekin jarraitu ezean, ingurua zelan egokitu pentsatu beharko dute .

 

Roman Rodrigez, arkeologoa: "Legañoko aztarnen kokalekua ez da batere ohikoa"

“Arkeologoak beti gabiltza esku artean galderak ditugula”. Erantzunak topatu, eta galdera berriak agertzen direla azaldu du Roman Rodrigez arkeologoak.

Orain arteko aztarnek ez dute argitu Legañoko hilerrian lurperatutako jendea non bizi zen. “Geroago ermita egin zen lekuan tenplu zahar bat egon zela uste dugu, baina ez dakigu herrixka non zegoen”. Ez zen kanposantutik oso urrun egongo, baina hori jakiteko ikerketa gehiago egin behar: “Misterio bat da, eta, beharbada, egunen batean, esparru handiago bat aztertu ahalko balitz, topatuko litzateke”.

Berrizko Andikoan, Garaiko Momoition eta Elorrioko Argiñetan Legañoko aztarnen antzekoak topatu dituzte, baina Legañokoa berezia dela nabarmendu du Roman Rodrigezek: “Kokapena ez da batere ohikoa”. Normalean, eguzkiaren argitara kokatuta egiten zituzten horrelako eraikuntzak: “Balkoien modukoak dira besteak, nekazaritzan jarduteko lursail onak, eta Legañokoa, berriz, gerizpetan dago, oso leku desberdinean”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!