Berriztarrek Legañoko indusketetan parte hartu ahal izango dute abuztuan

Anboto 2014ko uzt. 21a, 14:32
Aztarna arkeologikoak eta bidegorria; bidegorriaren ezkerraldean izango dira lanak.

Azken urteetan legez, arkeologo talde batek indusketak egingo ditu abuztuan Legaño auzoko aztarna arkeologikoetan; tartean antzinako hilerrian (IX-XI mendeak, Erdi Aro Garaia). Aurten lehenengoz, berriztarrei indusketetan laguntzeko aukera eskainiko diete. Hilerri hori zerabiltenen herrixka kokatzeko aztarnak bilatzea da aurtengo helburu nagusietako bat.

 

Lau urte dira San Pedro Legañon (bidegorriaren eta errekaren artean) indusketak egiten hasi zirena. Orain arte aztertutakoaren arabera, hainbat epealditako aztarnak daude bertan: IX-XI mendeen artekoak direla uste den hilobietatik, XIX mendeko harrizko hesietaraino; hesi horien barruan ermita zaharrago baten aztarnak daude. Abuztuan zehar beste indusketa saio bat egingo du arkeologo talde batek, baina aurtengoa berezia izango da: berriztarrek ere parte hartu ahal izango dute. Berrizen “auzolanean aritzeko ohitura sustraiturik dago”, adierazi du Orland Isoird Berrizko alkateak gaurko prentsaurrekoan eta horretarako bide berri bat ireki dute.

Herritarrei irekitako indusketa saioak abuztuko lau asteetako astegunetan izango dira. Bertan parte hartzeko baldintza bi bakarrik daude: berriztarra eta 18 urtetik gorakoa izatea. Ez da behar ezelango ikasketa bereziturik, jakinmina bakarrik. Izen-ematea uztailaren 29a baino lehen egin beharra dago udaletxean. Izena ematerakoan zehaztu beharko da zein astetan parte hartu gura den indusketetan. Horrez gainera, udalak bisita gidatu bana antolatuko du abuztuaren 22an eta 29an, 16:00etatik 17:00etara; izen-ematea abuztuaren 15a baino lehen egin behar da udaletxean.

Hilerriari lotutako herrixkaren bila

Roman Rodriguez arkeologoa indusketa horietako arduraduna da. Aurtengo lanak bide gorriaren beste aldera eramango dituztela jakinarazi du. 2010eko indusketetatik eta aurreko urteetako lanetatik ondorioztatu daitekeenez, Erdi Aro Garaiko hilerria bide gorri azpitik ekialderantz luzatzen da eta zonalde hori izango da aurtengo indusketen erdigunea: “Ustez gune hori da aberatsena eta potentzialik handiena duena, errekatik urrunen dagoelako”, Rodriguezen esanetan eta, batez ere, helburu nagusi bi markatu dituzte: “Hilerriaren osaketari buruz gehiago jakitea eta hilerria zerabiltenen sasoi hartako herrixka kokatu ahal izateko aztarnak aurkitzea”. Nekropoliari dagokion herrixkari buruz gehiago jakitea dute helburu. Lanek ez diote bidegorriari eragingo, hango indusketak dagoeneko eginda daudelako. Guztira, 50 metro karratuko lur azala aztertuko dute. Ezin daiteke jakin zenbat lur mugitu beharko den aztarnetara heltzeko, baina metro eta erdi inguru kalkulatu dute. Indusketek gune hartako garapen topografikoa ulertzen ere lagunduko dute eta horrek “gunearen errealitatea hobeto ezagutzen lagundu dezake”.

12.000 euroko diru-atala lanetarako

Berrizko Udalak 12.000 euroko diru-atala bideratu du indusketa hauetarako. Bizkaiko Foru Aldundiko diru-laguntza jasotzeari utzi zionetik, indusketako gastuen karga osoa udalari dagokio. Beste erritmo batean bada ere indusketetan aurrera jarraitu gura izan du: “Ezin dugu hasitakoa bertan behera utzi. Nahiz eta diru gutxiagogaz izan, udalbatzarrak indusketekin jarraitzeko konpromisoa hartua du. Dagoen aberastasuna balorean jartzea da helburua. Horretarako hainbat planteamendu egin izan dira eta diru-laguntzak heltzen hasten diren unean prozesua azkartzea da asmoa”.,

Edozelan ere, testuinguru honetan, indusketek ez dute beste urte askoan iraungo: mendebaldean erreka dago, iparraldeko zundaketek emaitza negatiboa eman zuten eta iaz hegoaldean aritu ziren; ekialdea da oraindik zanpatu gabeko gune bakarra: “Idea da asko gehiago ez luzatzea. Ez bada ebidentzia arkeologiko esanguratsurik aurkitzen ez dugu uste luzatzea beharrezkoa denik. Kasu horretan, datu  guztiak antolatu eta ondorioak argitaratzea da ideia”, aurreratu du Rodriguezek.

 

Roman Rodriguez arkeologoa eta Orland Isoird alkatea gaurko prentsaurrekoan:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!