Eskola kirolean dabiltzan entrenatzaile euskaltzaleak saritu dituzte

Anboto 2014ko eka. 16a, 13:01
Argazkian, Berrizko alkatea Ander Gutierrez eta Ainara Arco entrenatzaileekin
Udaleko euskara saila eta guraso elkartea elkarlanean dabiltza umeek aisialdian ere euskaraz egin ahal izateko aukerak sortzen. Eskola kirolari begira, behaketa bat egin dute hizkuntza ohiturak aztertzeko; "entrenatzaileek umeengan daukaten jarrerak eragin handia dauka umeen hizkuntzaren erabileran". Eskolako jaian euskaraz lan egiten duten entrenatzaileen lana aitortu dute, eta saritu egin dituzte Xabat Olariaga, Ainara Arco eta Ander Gutierrez.

Entrenatzaileak umeentzako erreferentzia garrantzitsuak direla eta, eskola kirolean euskara sustatzeko ekimena hasi dute guraso elkarteak eta Euskara Sailak. Behaketa bat egin dute Berrizko eskola-kiroleko ikastaroetan erabiltzen den hizkuntza neurtzeko, eta gehien erabiltzen dena gaztelania da.

Hizkuntza bat edo bestea aukeratzeko orduan entrenatzaileen borondateak duen garrantzia azpimarratu dute: "Entrenatzaile batzuk gaztelaniarako joera daukate, bi sabuespen kenduta, saskibaloia eta kirolanitza". Euskara Sailetik adierazi dutenez, "entrenatzaile hauek azalpenak euskaraz emateaz gain, umeek gaztelaniaz egiten dietenean eutsi ere egiten diote euskarari". Ahalegin hori aitortu gura izan dute Eskolako jaian, Xabat Olariaga eta Ainara Arco saskibaloi entrenatzaileak eta Ander Gutierrez kirol anitzeko entrenatzailea sarituta: "Zoritxarrez oraindik ume askok aisialdaia gaztelaniarekin lotzen dute eta hauen kasuan entrenatzailea euskaraz aritzea berebizikoa da".

Entrenatzaileei Berrizko dendetan gastatzeko 50 euroko bonoa eta 'Euskaraz nahiago, eskerrik asko!' kanpainako kamiseta eman diete eskolako jaian. Kamiseta hori kiroldegiko entrenatzaile eta begiraleei ere banatuko diete, eta baita udalekuetako begiraleei ere.

Euskara Sailak, guraso elkarteagaz batera urtero egingo du eskola kiroleko hizkuntza ohituren behaketa, eta baliabideak ipiniko dituzte entrenamentuetan euskararen erabilera bultzatzeko.

'Euskaraz nahiago, eskerrik asko!'

Berrizen euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina da 'Euskaraz nahiago, eskerrik asko!'. Administrazioan, merkataritzan eta aisialdian eta kirolean eragiteko ekimenak egin dituzte orain arte. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!