Berrizko udaletxean ere ipini dute Espainiako bandera

Anboto 2014ko api. 23a, 10:55
Pasa den eguaztenean ipini zuten udaletxeko balkoian, Berrizko bandera, ikurriña eta Europako banderagaz batera. Aspaldi jaso zuten eskakizuna udalean, eta behin bandera txikiak prestatuta, ipini dituzte balkoian. Udal arduradunek bandoa argitaratu dute euren iritzia azaltzeko.

 

Espainiako gobernuko delegaritzatik egindako eskaria bete dute horrela Berrizko udaletxean. Durangaldeko udaletxe gehienetan dago ipinita honezkero Espainiako bandera.

Herrian zabaldu duten bandoan udal arduradunek azaldu dutenez, bandera jartzeko eskaria ekiditzen saiatu dira, "nahiz eta ez betetze horrek zuzeneko ondorio penalak ekarri". Espainiako Gobernu Delegaritzak behartutako neurriak bizikidetza eta bake sozialean ez duela laguntzen adierazi dute bandoan: "bakearen eta bizikidetzaren bidetik aurrera egin behar du Euskal Herriak, eta ez inposaketa eta gatazkaren bidetik".  Udaletxeko fatxadako lau banderez gainera, udaletxe aurrean, orain arte bezala ikurriña handia izaten jarraituko dute Berrizen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!