Javier Larrinaga (taxi-gidaria): "Langabezian gelditu eta taxi plaza bat eskatu nion udalari"

Anboto 2014ko api. 6a, 09:00
Auzo taxi proiektuaren sortzaileetariko bat da Javier Larrinaga. Proiektua orain dela urte eta erdi ingurutik dago martxan. Udalari taxi plaza eskatzea bururatu, eta, harrezkero, proiektu honetan murgildurik dabiltza Javier Larrinaga eta bere lankidea den Javier Isasi.



Nori bururatu zitzaion auzo taxi proiektua abian ipintzea?
Proiektua udalari bururatu zitzaion, baina horren aurretik neuk eskatu nien taxi plaza bat. Botikako laguntzaile lanetan ibili nintzen, baina langabezian geratu eta zerbait egitea bururatu zitzaidan. Orduan, udaletxean taxi plaza bat eskatzea bururatu zitzaidan, eta beraiei proiektu hau otu zitzaien. Egia esan, hasieran, eskaria egin nuenean, ez nekien oso ondo mundu honek nola funtzionatzen zuen. Baina, orduan, udaletxekoei herrriko auzoak herrira hurbiltzeko proiektu hau bururatu zitzaien, eta harrezkero martxan da. Ordutik hona bi lankide gaude herritarren zerbitzura.

Zein da auzo taxiaren xedea?
Asmo nagusia baserrietako eta auzoetako herritarrak Berrizera hurbiltzea da. Horrela, auzoetako herritarrek medikuarengana zein herriko dendetara joateko, edota herriko ekintzez gozatzeko aukera izango dute. Gainera, autoa erabili gabe merke bidaiatzeko aukera ezin hobea dute.

Taxi zerbitzu arrunta baino merkeagoa da.
Bai, horrela da. Bidaia bakoitzeko euro bi kobratzen ditugu, eta gainontzekoa udalaren diru-laguntzen bidez jasotzen dugu. Azken batean, auzoetako herritarrak herrira hurbiltzeko proiektu bat denez, ezin dezakegu gehiago kobratu, gure asmoa beraiek honi probetxu egokia ateratzea delako.

Urte eta erdi honetan esperotako emaitzak lortu dituzue?
Bai, emaitza oso onak izan ditugu; gu oso pozik gaude. Hala ere, martxoaren 13tik ibilbidearen zati bat laburtu digute. Autobusa igarotzen den guneetan jendea jasotzea debekatuta daukagu, eta hori asko nabari da. Beraz, orain, araudi berriarekin autobusa hartzeko gai ez denak bakarrik edukiko du aukera debekatutako gune horretatik taxian ibiltzeko.

Nola erantzun diote herritarrek araudi berriari?
Egia esan, herritarrak haserre samar daude, gozokia eman eta orain kendu egin dietela diote. Baina udalekoen jarrera ere ulertu behar da; azken batean, onartu behar da gastua handia dela. Jende askok kaleetan barrena ibiltzeko erabiltzen zuen taxia, eta horrela ez da errentagarri irteten. Beraz, bai herritarrek, bai guk, udalak hartutako erabakiei men egin behar diegu.

Zerbitzu hau edozeinek erabili dezake?
Berrizkoa den hamasei urtetik gorako edozeinek erabili dezake; gazteagoek gurasoen laguntzarekin ibili beharko dute. Baina lege berriarekin taxia ezin da erabili herrian zehar ibiltzeko: auzoetatik herrira etortzeko eta alderantziz soilik erabili ahalko da. Herriaren erdigunetik ibiltzeko, zerbitzu hau ezgaitasunen bat dutenek bakarrik erabili ahalko dute. Gainera, mugikortasun arazoak dituen pertsona horrek, udaletxean ziurtagiri bat atera beharko du. Bestalde, aldi baterako txartelak ere eskuragai daude udaletxean.

Herrian taxi-gidari bi zaudete: nolako harremana duzue?
Oso ondo moldatzen gara. Bakoitzak bere bezeroak ditu, eta, gainera, bionak direnak ere baditugu. Orduan, bata zerbitzuan baldin badago, taxien gunean dagoenak edukiko du lehentasuna bezero horrengana joateko. Eta biok zerbitzurik gabe bagaude, txandaka joaten gara bezeroengana.

Beste herri batzuk animatuko zenituzke antzeko proiekturen batekin hastera?
Egia esan, niri ez zait komeni, bezero ugari ditut-eta eskualdean zehar. Norbaiti horrelako proiekturen bat bultzatzea bururatuko balitzaioi, bezero dezente galduko nituzke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!